Berdintasuna lortzeko bigarren planaren lehen pausoak ematen hasi da Udala

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 3a, 16:41

Aretxabaletako emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. plana hasi da lantzen Udala, eta urtea bukatu bitartean jardungo dute horretan udal ordezkariek, teknikariek eta herriko eragileek; helburua da plan "operatiboa eta egingarria" zehaztea datozen lau urteetarako.

Lehenengo Berdintasun Plana 2012an jarri zuen abian Udalak, eta iaz, bost urte pasatu ostean plan horrek emandakoa berrikusi zuten. "Nahiko plan korapilatsua zela konturatu ginen eta hura errazteko asmoarekin bigarren bati ekin diogu", jakinarazi du Karmele Uribarrik, Ongizate Saileko zinegotziak. Hain zuzen, udal ordezkariekin, sail guztietako teknikariekin eta herriko eragileekin egingo dute lan, "plan operatibo bat" zehazteko.

Herriko eragileekin elkarlanean

"Berdintasuna erabat barneratuta dagoen zerbait izatea gura dugu; ez dakit plan batekin lortuko dugun, baina horretan ahaleginduko gara. Izan ere, arazo larri bat dugu gizartean eta horri aurre egiteko modu bakarra da familian, hezkuntzan, erakundeetan… barneratzea berdintasuna", dio Uribarrik. Hala, lehenengo planaren ondorioak berrikustearekin batera udal teknikariekin hasi dira lanean: "Arlo bakoitzean zer egin daitekeen hasi gara begira, eta gero, udal ordezkariekin eta herritarrekin ere elkartuko gara", jakinarazi du Jone Arriolabengoak, Berdintasun teknikariak, eta zinegotziak gaineratu: "Sail bakoitzean bi edo hiru pauso adostuko dira, gutxi baina zehatzak, eta jarraipena egiteko samurrak izango direnak".

Udaleko sail bakoitzetik herriko talde garrantzitsuenei dei egingo diete lanketan parte har dezaten: "Oraindik ez dugu erabat zehaztuta prozesua, baina badakigu herriko eragile nagusienek bertan egon behar dutela. Seguru asko, Udaleko sail bakoitzetik dei egingo diete horiei: adibidez, Euskaratik Loramendi elkarteari; Ongizatetik Basotxori eta Gu Haziak Gara taldeari…".

Feminismoa "iratzartzen"

Uribarriren ustetan, feminismoa "iratzartzen dabil": "Aretxabaletan ez ezik, gizartean orokorrean aurrerapausoak eman direla uste dut. Martxoaren 8aren ostean, feminismoa bere papera aldarrikatzen dabil", eta gaineratu du: "Herriko talde feministarekin berriro gaude harremanetan eta hori aprobetxatu beharra dugu, eskarmentu handiko taldea delako. Poliki-poliki gure herrian ere esnatzen goazela esango nuke".

Jone Arriolabengoa: "Datozen lau urteetarako plana izango da"

Berdintasun arloa lantzeko Daiteke aholkularitza zerbitzua hartu zuen Udalak iaz udaberrian, eta hango Jone Arriolabengoa aramaioarra martitzen guztietan izaten da udaletxean (08:00-14:00).

Zeintzuk dira zure egitekoak?

Urte hasieran berdintasunari dagokion plan operatiboa onartzen da eta hor jasotakoak aurrera eroaten ditugu gero. Kanpainak dinamizatzea ere tokatzen zait; Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a, esaterako. Baita Beldur barik proiektua, jaietako sentsibilizazio kanpainak, ikastaroak…

Eta orain, berdintasun planari ekin diozue…

Bai; 2012an egindakoa oinarri hartuta, beste bat diseinatzen hasi gara datozen lau urteetarako. Eta udazkenean, indarkeria matxistaren aurkako protokoloari beste buelta bat emango diogu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak