Drogen arazoa sozializatu eta herritarren konpromisoa eskatu gura duen kanpaina da bi erakundeek aurkeztu dutena, "konpromisoak hartzeko garaia" delako. Ibarra futbol zelaia izango du abialeku aste bukaera honetan bertan, eta kontua izango da drogen kontrako leloekin argazkiak ateratzea. "Hamar edo hamabi kartel ditugu leloekin, eta horiekin eskuartean, argazkiak aterako ditugu, gero norberak bere sare sozialetara igotzeko eskatuaz. Eta horretarako erabiliko dugun traola da #UaDAproiektua", adierazi du Oihana Matak, UDAko zuzendaritzako kideak, eta gaineratu: "Argazkia edonork atera dezake, kanpainarekin bat egiten duen edonork, izan jokalari, guraso edo herritar, konpromisoa hartzea da kontua". Erabiliko dituzten esaldietako batzuk honako hauek dira: Drogek denoi egiten digute kalte; Zaindu nazazu, ez eman drogarik; Nik ez dut nahi drogarik nire herrian; Nire "taldean" drogek ez daukate lekurik, zuk bai; Kirola, bizitza osasuntsu baten erakusle da, eta bereziki, balore batzuen adierazle.
Futbol zelaian abiarazi arren ondoren herrira zabalduko da kanpaina, baita Eskoriatzara ere. "Herrietako horma bana erabiliko dira orduan argazkiak ateratzeko".
Komunitatea ezinbesteko lagun
"Komunitatea kontzientziatu gura dugu oraingoan. Drogak arazo dira eta denok bat egin behar dugu, komunitatea ez bada inplikatzen ez dugu zereginik", adierazi du San Juan de Dios ospitaleko zuzendari Angel Agirianok eta Tarragonan izandako jardunaldian esandakoak azaldu gura izan ditu: "Apirilean hainbat herrialdeko adituak elkartu ziren Tarragonan 2nd workshop Planet Youth jardunaldian. Horren helburua zen 1998an Islandian abian jarritako Planet Youth programa komunitarioa ezagutzera ematea. Eta behin eta berriro azpimarratu zen ikuspegi komunitarioaren beharra, hain zuzen ere herritarren parte-hartzean oinarritzen den drogen gehiegizko kontsumoaren prebentziorako eredu komunitarioak duen garrantzia". Hala, nerabeak drogen arriskutik urruntzeko lanean "herritar guztiak direla beharrezkoak" berretsi du.