Bederatzi milioi euro pasako aurrekontua onartu du Udal gobernuak 2018rako

Mirari Altube Arrese 2018ko ots. 9a, 16:12

Atzo, otsailak 8, egindako ezohiko osoko bilkuran 9.686.855 euroko aurrekontua aurkeztu zuen Udal gobernuak. Eta onartu egin zuten, EH Bilduren eta Irabaziren abstentzioarekin. %6,3ko igoera izan du horrek iazkoarekin alderatuta eta inbertsiotarako 600 mila euro pasatxo izango dituzte aurten.

Aparteko diru-sarrera batzuei esker igoera nabarmena izan du inbertsioari dagokion aurrekontuko partidak; iaz, 258.000 euro erabili zituzten eta aurten, 600.446 euro izango dituzte. "Foru Fondotik 160.000 euroren bueltan jaso dugu. Azbeko eraikinean Eroski zabaltzeko prozesuak 200.000 euro inguruko sarrera ekarri dio Udalari, eta Iturrizar plazako etxe-blokean beste bi atarte eraikitzeko baimena eskatu dutenez 100.000 euro inguru izango da", jakinarazi du alkateak.

Diru horrekin zein inbertsio egin zehaztuta dute. Besteak beste, Deba ibaiaren ezkerraldeko paseoa bukatzea, hau da, kiroldegiarekin lotzea; komentuko kapera areto bihurtzea; irisgarritasun oztopoak kentzea kaleetan eta bidegorria Kurtzebarri eskola aurrera pasatzea.

Gainerako partidek ez dute aparteko aldaketarik izan alkatearen esanetan. Pozik agertu zen onartutako aurrekontuarekin: "Urte polita izango da. Lan asko egongo da egiteko, batez ere Hirigintzari dagokionez, obra asko aurreikusi ditugulako eta esfortzu handia izango delako. Baina beste ilusio batekin hartu ditugu aurrekontuak!".

Oposizioa abstenitu

EH Bilduko zinegotziak, ostera, ez ziren hain pozik agertu eta aurrekontuari ez zioten babesik eman, abstentziora joaz. "Ez dira txarrak diruari bakarrik begiratuta, baina atzean falta da plangintza bat, irizpideak… Ez dago proiekturik, ez planifikaziorik. Kudeaketa sinpleegiko agintaldia izaten dabil eta Aretxabaleta zaharkituta geratuko da", zioen Ion Albizu zinegotziak.

EH Bilduk hainbat proposamen egin zizkion aurrekontuari eta Udal gobernuak horietako batzuk onartu ditu eta beste batzuk ez: "Ez dizkigute onartu: kooperazioko partida handitzea; hezkuntza mahaia sortzea; etxerik etxeko laguntzari dagokion iazko diru kopurua mantentzea; euskaltegiko matrikula erdira jaistea; eta berdintasun kontseilua sortzea".

Onartutakoen artean, ostera, honako hauek daude: Haur liburutegia sustatzea mahai batzuk erosita eta irakurketa ekintzak bultzatuz; baserri-auzoetara Internet duina zabaltzea; etxebizitzak alokatzeko diru-laguntza programa bultzatzea; eta bidegorrian komunak jartzea. Era berean, "pozgarria" dela adierazi zuen Txarapeako parkearen eta Kurtzebarri eskolako bidegorriaren gaineko proposamenak sartu izana.

Irabazi ere abstenitu egin zen bozketan, eta ez zuen horren gaineko azalpenik eman gura izan.

Diru partida batzuk

Hemen onartutako diru partida batzuk:

  • Aurrekontu osoa: 9.686.855 euro
  • Zorra: 864.545 euro
  • Gizarte Zerbitzuak: 809.005 euro
  • Kirol instalakuntzak: 928.554 euro
  • Euskara: 269.601 euro
  • Bide publikoak zolatzea: 453.500 euro
  • Hezkuntza: 433.663 euro
  • Kale garbiketa: 357.189 euro
  • Hondakinen kudeaketa eta tratamendua: 658.264 euro
  • Jaiak: 188.625 euro
  • Ingurumena: 184.696 euro
  • Argiteria: 175.215 euro
  • Lorategiak: 141.000 euro
  • Enplegu sustapena: 138.470 euro

Inbertsiorik aipagarrienak

  • Deba ibaiaren alboko paseoa: 225.528 euro
  • Komentuko kapera egokitzea: 95.000 euro
  • Komentu inguruko harresia: 10.000 euro
  • Bidegorria Kurtzebarri eskola inguruan: 60.000 euro
  • Txarapeako parkea: 20.000 euro
  • Hirigintza lanak: 20.000 euro
  • Zebrabideak argiztatu: 20.000 euro
  • Hainbat proiektu: 25.000 euro

Larraitz Garai zinegotzi

Kide berri bati ongietorria egin zioten, gainera, ezohiko osoko bilkura. EH Bilduko Larraitz Garaik zinegotzi kargua hartu zuen, urrian hil zen Hector Prietok utzitako hutsunea betetzeko. Lanerako oso gogotsu agertu zen eta Gazteria batzordean hartuko duela parte adierazi zuen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak