'Txarapea parkea' proiektua aurkeztu du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2017ko abe. 21a, 17:00

Txarapea erdigunearekin lotzeko proposamena egin dute EH Bilduko kideek, igogailua eta pasabidea zehaztu dituzte horretarako. Era berean, azpian dagoen berdegunea bi zatitan banatzea gura dute: batean, basoa eta zona lasaia egin, eta bestean, gune dinamikoa.

Txarapea ibilbidea herriaren erdigunearekin lotzeko eta ibilbide horren azpiko berdeguneari "irtenbide integrala" emateko asmoarekin, EH Bilduk proiektua aurkeztu du: "Txarapeak erdigunearekin duen lotura ez da egokiena; jende asko autoz ibiltzen da eta erdigunera joan da bizitzera. Bestetik, zelai hori oso garrantzitsua da Aretxabaletarako eta ahalik eta egokien aprobetxatzea izango litzateke onena", adierazi du Ion Albizu zinegotziak. Hala, Txarapea parkea proiektua aurkeztu dute, hiru oinarrirekin: jendearen parte-hartzea; epeka egitea; eta ekonomikoki "ahalik eta xumeena" izatea.

Igogailua eta pasabidea

Erdigunearekin lotzeko proposamenen artean igogailua eta pasabidea zehaztu dituzte; igogailua "Zerrajerako etxeen albotik" Txarapeara igotzeko; eta pasabidea komentu albotik, ibaia pasatuta erdigunera jotzeko. Bestetik, berdegunea bi zatitan banatzea proposatu dute: batean, basoa eta zona lasaia; eta bestean, gune dinamikoa.

Txarapea parkea proiektu horretarako epeak ere zehaztu dituzte, lau egitasmotan banatuta. Basoa eta gune lasaia egiteko "partida txiki bat" zabaldu gura dute hurrengo aurrekontuetan. Ondoren, gune dinamikoa garatuko lukete, "jendearen parte-hartzearekin". Igogailuaren azterketa ere proposatu dute: "Aukerak aztertu, proiektua egin, eta egoerak ahalbidetzen duenean, igogailua jarri". Eta bukatzeko, pasabideari helduko liokete: "Proiektua idatzi, lehenengo, eta gero, jarri".

Basoa eta gune dinamikoa

Berdegunean aurreikusitakoari dagokionez, zera diote: "Ahal den neurrian basoa sortzeko zuhaitzak landatzen jarraitzea proposatzen dugu", eta gaineratu dute: "Andramari auzune pareko eskaileretatik ezkerretara dagoen zonalderako zelai itxura errespetatzea gura dugu; han-hemenka zuhaitz multzoak landatu eta leku goxoak sortuta". Gune dinamikoan –eskaileretatik eskuma aldera– ostera, "bizitasuna" nahi dute: "Lasai egon, jolas egin, kontzertu bat entzun, txirristan jaitsi… egiteko. Txarapea erdigunearekin lotuko duen zona izatea ere nahiko genuke: ume-karroarekin, erosketekin, makuluekin, gurpildun aulkiarekin… ibili ahal izateko". Eta gune horretarako, honako hauek aipatu dituzte: anfiteatroa, kultura ekintzetarako zein lasai egoteko; eta jolas lekua adin guztietarako, hauek dituena: landarez egindako labirintoak, aldatsak, enbor multzoa…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak