Euskararen alde lan egiteko gogotsu agertu dira aretxabaletarrak

Mirari Altube Arrese 2017ko aza. 18a, 14:42

Aretxabaleta euskalduntzeko zein lan egin eta nola zehazteko Hitz egin ekimena jarri zuen abian Loramendi elkarteak, Topagunearekin batera, eta Udalaren laguntzarekin. Hiru lan saiotan herriko 35en bat ordezkari elkartu dira eta gaur bukaera eman diote; bukaera ekimenari eta hasiera datorren urtean jaioko diren bi dinamikari.

Zein dinamika garatu behar ditugu Aretxabaletan euskararen erabilera indartzeko? galderari erantzuna topatzea zen asmoa, eta hori eta beste zenbait erantzuteko moduan izan dira herriko hainbat taldetatik eta elkartetatik gerturatutako ordezkariak eta norbanakoak. "Orain artekoez gain zein beste lanketa egitea komeni den euskararen erabilera indartzeko eta normalizatzeko hausnartu gura genuen, eta horretan jardun dugu", adierazi du Iñigo Iñurrategik, Loramendiko presidenteak.

Gazteak, helduak eta nagusiak elkartu dira; emakumeak eta gizonak; ikasleak, langileak eta langabeak; gurasoak eta seme-alabarik ez dutenak; eta kontu bakarrak batu ditu: euskarak. Horren gainean jardun dute hiru zapatutan, Topaguneko dinamizatzaile Mikel Ozaitak gidatuta: "Aktibazio ekimenak abian jartzea izan da helburua, eta dinamika ezberdinen bitartez herritarrak ahaldundu egin dira". Antolatzaileak oso pozik agertu dira herritarren erantzunarekin, eta parte-hartzaileek ere horren garrantzia nabarmendu dute: "Garrantzitsua da halako dinamiketan parte-hartzea, euskararen erabileraren inguruan kontzientzia hartu… Eta gazteok ere hor egotea ezinbestekoa da", adierazi du Maddi Garrok.

Bi lan talde martxan

Datorren urtean gauzatuko diren ekintzak zehaztu dituzte gaur, dinamikari bukaera emateko: "Bi lan talde berri sortu dira. Bata, 365 ekimena martxan jartzeko; 2018an, urtaroka, ekintza zehatzak antolatuko dituzte, azaro bukaeran egingo den ekimen nazionalean borobiltzeko. 365 ekimena, baina ez da izango urtebetekoa bakarrik; izan ere, euskalgintza aktibatzeko balio izango digu, aurrera begira lanean jarraitzeko", esan du Iñurrategik eta gaineratu: "Beste lan ildo bat ere sortu da elkarteetan helburua jarrita, hizkuntza erabilera indartzeko horietan". 

Aitor Gabilondo Euskara zinegotzia ere pozik agertu da egindako lanarekin: "Jardunaldi emankorra izan da. Diagnosi bat eman digute, eta datorren urteko 365 ekimenari bultzada handia eman dio".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak