Hasteko, Hector Prieto Rosado udalbatzako kidea izan zuten gogoan; egindako lana eskertu gura izan zioten EH Bilduko zinegotzi izandakoari.
Kale garbiketa zerbitzuaren ardura eman zioten Serbitzu enpresari datozen lau urteetarako –beste bi urtez luzatzeko aukerarekin–. EH Bildu abstenitu egin zen berak, orain dela hilabete batzuk egindako planteamendua "zentzuzkoagoa eta bideragarriagoa" zela esanaz; Irabaziko zinegotzi Luis Mariano Gomezek, ostera, aurka bozkatu zuen: "Zerbitzu publikoa izan beharko litzateke, herritarrek emandakoa. Eta mankomunitateak kudeatu beharko luke hondakinen bilketarekin egiten duen moduan".
Autobus zerbitzuaren murrizketa
Eztabaida, baina, EH Bilduk eta Irabazik elkarrekin garraio publikoaren gainean aurkeztutako mozioak eragin zuen. Ion Albizu zinegotziak adierazi zuen ordutegi batzuetan gutxiago erabiltzen zelako "egun osoko zerbitzua murriztu" dutela: "Gure eskualdean %8ko igoera izan zuten DG03 eta DG04 zerbitzuek; eta hala eta guztiz, %35 murriztu dute". Hala, mozioaren bidez jasota utzi gura zuten Udalak garraio publikoarekin duen konpromisoari eutsi eta zerbitzua hobetu eta bultzatzeko ardura hartzea. Inbertsioek emaitza positiboa eman dutela ere esaten zuen mozioak: "Eta Aldundiari eskatu irailean indarrean zegoen zerbitzua oinarri hartuta, hobetzeko neurriak har ditzala". Herritarren parte-hartzea bultzatzeko ere eskatu gura zuten mozioarekin.
Jeltzaleak ez ziren horren alde agertu, nahiz eta Unai Elkoro alkateak onartu "arazo batzuk" egon badaudela: "Herritarren kexak jaso ditugu baina ez dut uste Udala sinadurak batzen hasi behar denik". Hala, jakinarazi zuen Eskoriatzako eta Arrasateko alkateekin batera Foru Aldundiko ordezkariekin egotekotan direla: "Datorren astean elkartu gurako genuke eta lehengo eta oraingo datuak eskatuko ditugu. Ea lehenbailehen konpontzen den arazoa".
Irabaziko zinegotzia ere kezkatuta agertu zen gaiarekin: "Jendea ez dago batere konforme. Azpiegitura handiak egiten dira, baina hirietan. Badirudi dirua aurreztu gura dutela Donostian metroa edo topoa egin gura dutelako…". Mozioa ez zen onartua izan.
Kataluniari babesa adierazteko mozioak
Beste bi mozio ere izan zituzten mahai gainean, horiek Kataluniaren aldekoak. EH Bilduk aurkeztutakoan eskatu zuten Kataluniako Errepublika aitortzea eta errespetatzea eta Generalitateko ordezkariak lehenbailehen aske uztea. EAJ, PSE-EE eta Irabazi abstenitu egin ziren eta mozioa onartu egin zuten. Ondoren jeltzaleek euren mozioaren berri eman zuten: "Kataluniako herriak erabakitzeko eskumena duela aitortu gura dugu, eta babesa eman", zioen alkateak.
Irabazik, ostera, Madrilgo udalari elkartasuna adierazteko eta toki autonomiaren defentsaren gaineko mozioa aurkeztu zuen. "Gastu-arauaren erregulazioa aldatzea eskatzen dugu, behar diren arauak betetzen dituzten Toki erakundeei baimena emateko behar den gastuari lehentasuna eman diezaioten".
"Indarkeria matxistatik libre"
Indarkeria matxistatik libre egongo den gizartearen alde izeneko adierazpen bateratua ere onartu zuten aho batez, azaroaren 25aren atarian. Eta hainbat konpromiso onartu zituzten, besteak beste, biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza, eta berdintasun-unitateei beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea 2018ko aurrekontuan. Indarkeria matxista adiera erabiltzea ere adostu zuten. Ongizate Saileko zinegotzi Karmele Uribarri kezkatuta agertu zen azken datuekin, "indarkeria matxistak gora" egin duela adierazten dutelako.