UDAk partidu ona jokatu du Oiartzunen kontra. Markagailuan atzetik ibili arren, aukera garbiak eginda eta baloia menderatuta, itxura ona eman du. Gai izan da berdinketa lortzeko. Baina, lerroak aurreratu eta bigarrenaren bila irten denean, Oiartzunen kontraeraso baten, jokalari bat gutxiagorekin geratu da. "Merezitako txartela izan da. Baina, bigarrena zen eta hori ere kontuan hartu behar du jokalariak", esan du entrenatzaileak. 70. minutua zen. Velez de Mendizabalek, gainera, ezin izan du zuzendu partidua txartel gorria zuelako aurretik; haren lanak Gordoa laguntzaileak bete ditu.
Handik aurrera, UDAk ez du amore eman, eta, atzeko lerroak ondo gordeta, sikiera berdinketa mantentzeko, erasora begira ipini da. Baina, ez du zorterik izan.
Prietori omenaldia
Partidua hasi aurretik, omenaldi xumea egin diote Hector Prieto zenari. UDAko jarraitzaile sutsua gogoan izan dute. Haren gurasoei eta anaiari HECTOR izena duen kamiseta eman diote. Ostean, minutu bateko isilunea gorde dute.