Kontsumoko prezioen indizea zehazteko Euskal Autonomia Erkidegoko iraileko datua hartu dute kontuan, hortaz, %1,9ko igoera aplikatuko da. Hori ezarriko diete ibilgailuen gaineko zergari, uraren tasari eta Udalak ematen dituen hainbat zerbitzuri, kanposantuari eta Iturrigorri pilotalekuaren eta Ibarra futbol zelaiaren erabilerei, esaterako.
Beste batzuk ez dute inolako igoerarik izango, besteak beste, udaleku irekiek, haur eskola zerbitzuak eta obra baimenen tramitazioak. Eta beste pare bat KPIaren gainetik igoko dituzte: hondakinen gaineko zerga %5 eta Ibarra kiroldegia %2,5. Kiroldegiko abonuetan aplikatuko duten igoera izango da ordutegi luzapena estaltzeko, hau da, goizeko 07:00etan zabaltzeak dakarren kostuari aurre egiteko.
Zerga horietako batzuei aplikatzeko hobari berriak ere onartu zituzten osoko bilkuran. Ibilgailu elektrikoei esaterako %90eko hobaria aplikatuko diete eta ibilgailu historikoei %100ekoa.
EH Bildu ados agertu zen aurkeztutako ordenantza fiskal horiekin eta alde bozkatu zuen. Hala ere, zerga politika erreforma baten beharra ikusi dute eta Foru Aldundiari horren berri ematea mahaigaineratu zuten.
Irabaziko zinegotzia, ostera, abstenitu egin zen. Tasa eta zergen ordainketa norberaren diru-sarreren araberakoa izan beharko litzatekeela aipatu zuen. Eta zaborraren eta uraren gainean kontu bi argitu gura izan zituen: "Zaborrek defizita sortzen dute eta gainera, hori larriagotzen joango da egin gura dituzten azpiegitura handiekin. Urak, ostera, 120.000-130.000 euro sortzen ditu Udalarendako eta uste dugu hori berriz inbertitu behar dela, oraingoan Santa Kurtz eta Lausitta kaleetan, azpiegiturak eta saneamenduak ez dituztelako baldintza egokietan".
Bestetik, Gipuzkoako taxi gidariek egindako eskaera, %1,6ko igoera aplikatzea ontzat eman zuten. Dena den, horiek herrian ematen duten zerbitzuen gaineko argibide gehiago jasotzekotan geratu ziren.