"Bailaran, gaur egun, bidegorriaren zatirik okerrenetakoa Aretxabaletan dugu. Kurtzebarri eskolako patio erditik pasatzen da, horrek dakarren traba eta arriskuekin", adierazi dute EH Bilduko kideek, Ion Albizu eta Irati Pagoaga zinegotziek.
Santa Kurtz kalerako orain dela hiru urte proposatutako proiektuari heldu diote eta hutsune batzuk antzeman dizkiote: "Batetik, autoak, bizikletak eta oinezkoak bateratzeko zati oso estua da Kurtzebarri eskola aurreko hori; bestetik, Santa Kurtz kaletak berak konponketarako lehentasuna izan beharko luke; eta gainera, proiektu horren aurrekontua oso handia da, 650.000 eurokoa". Hori horrela, "behin betiko beste irtenbide bat" topatu gura izan diote.
Eskolaren eta pilotalekuaren atzetik
"Gure hausnarketatan oinarrituta eta adituen laguntzarekin garatu dugu ideia", diote. Proposamen horren arabera Arrasatetik datorren bidegorria eskolaren atzeko partetik pasatuko litzateke, eskolaren eta saihesbidearen artetik hain zuzen ere. Hiru metro inguru igoko litzateke poliki-poliki bidea, eta gero jaitsi; bolatokiaren eta pilotalekuaren atzetik jarraituko luke gero. Guztira 240 metro izango lituzke tarte horrek, eta 3 metroko zabalera. Eta aurrekontua zehaztu dute 185.000 eurotan.
Horren onurak nabarmendu gura izan dituzte Albizuk eta Pagoagak: "Merkeagoa da; izan ere, aurreko proiekturako zehaztutako aurrekontuarekin oso zaila da bost urte baino lehen ezer egitea. Eskolak irabazi egingo luke espazioan, patioan lekua zabaldu eta argi gehiago sartu. Eta Santa Kurtz kalea libreago geratuko litzateke".
Herritarren ekarpenak jasotzen
Proposamen horren berri panelen bitartez ematen dabiltza herritarrei, ekarpenak egin ditzaten. Hainbat gunetan kokatu dituzte horiek egunotan eta ikusmin handia eragin dute. Egubakoitzean jasoko dituzte azken ekarpenak: "Eta ondoren, berriro aurkeztuko diogu proposamena, zehaztuagoa eta garatuagoa, Udal gobernuari".