Herriko abesbatzak kontzertua eskainiko du urriaren 1ean –domekan–, Iturrigorri frontoian; 19:00etarako finkatu dute hitzordua. Bada, abesbatzako kideek prest dute errepertorioa: boleroak abestuko dituzte. "Maitasunaren eta maitasun ezaren bueltan dihardute genero horren parte diren abestiek", argitu du Anjel Barandiaranek, Aretxabaletako Abesbatzako zuzendariak. Tartean, Solamente una vez, Angelitos negros eta El reloj abestiak dituzte errepertorioan.
Aipatu beharra dago musikarien eta dantzarien laguntza izango dutela abeslariek. "Boleroek erritmo karibetarra dute, nolabait. Beraz, abestiak entzuteaz gain, herriko dantzarien dantzaldiak ikusteko aukera izango dute bertaraturikoek. Emanaldi berezia izango da", dio Barandiaranek. Nuria Fernandez de Arroyabek zuzenduko du dantza taldea.
Horiez gain, esan moduan, musikariak ere izango dira emanaldian; zehatz esanda, piano, perkusio eta akordeoi joleen laguntza izango dute abesbatzako kideek. Jose Luis Franzesena, Unai Franzesena eta Araceli Telletxea musikariek izango dute horren ardura.
Bada, emanaldiko protagonistek jada prest dute domekako saioa; ordu eta laurden pasako iraupena izango du. Barandiaranek argitu duenez, tarte horretan, hainbat aldaketa egingo dituzte "emanaldi dinamikoa" eskaini guran. "Askotariko formatuetan eskainiko ditugu abestiak. Batzuetan, solista bat izango da protagonista eta, beste batzuetan, ez da halakorik izango, esaterako", azaldu du. Besteak beste, Mariatxen Urkia, Lurdes Urkia, Mari Carmen Etxandia eta Imanol Aizpurua izango dira solisten artean.
Bide horretan, ba, abesbatzak bere xede nagusiari eutsiko dio domekako emanaldian: gaur-gaurkoz zuzenean nekez entzuten diren abestiak eskaintzea. "Lehen arrakasta izaten zuten boleroek, beraz, emanaldi askotan entzun zitezkeen; gaur egun, dena den, bestelakoa da panorama. Jende nagusiak ezagun izango ditu errepertorioko abestiak", azaldu du.
Kataluniari keinu
Tartean, Kataluniak egin asmo duen herri galdeketari ere egingo diote keinu; emanaldia herri galdeketaren egun berean dela aprobetxatuz. "Urriaren 1eko galdeketari gure ekarpena egin gura diogu abesti bat eskainiz", dio. Gauzak horrela, El Cant dels Ocells abestia sartu dute errepertorioan.
Urteroko zita
Aretxabaletako Abesbatzaren kontzertua ez da berrikuntza San Migel jaietako egitarauan; beraz, emanaldiko protagonistek badute esperientzia. "Urteak dira San Migel jaietako kontzertuaren ardura hartu genuela. Ezin daiteke uka hitzordu garrantzitsua dela abesbatzaren egutegian; denbora luzez jardun behar izaten dugu kontzertuaren prestakuntzan murgildurik. Urte erdi daroagu domekako emanaldia prestatzen", aitortu du Barandiaranek.
Bestetik, emanaldian parte hartzen dutenen konpromisoa azpimarratu du zuzendariak. "Horrela errazagoa da halako zerbait antolatzea", azaldu du.
"Jarriak gara datorren urteko kontzertuari begira"
Ibilbide luzea du Aretxabaletako Abesbatzak. Besteak beste, herriko hainbat egitasmotan parte hartzen du urtean zehar, emanaldien bidez euren alea jarriz. Bada, horietan gehienetan egon da Anjel Barandiaran abesbatzako zuzendaria.
Noiz jaio zen Aretxabaletako Abesbatza?
1980an sortu genuen abesbatza. Aurretik egona zen abesbatza talderik herrian, baina, geldi zegoen kontua. Orduan, herriko parrokoa etorri zitzaigun elizan abestuko lukeen koroa sortzeko ideiarekin. Aurrera egitea erabaki genuen. Hasiera hartan Juan Luis Izagirre zen zuzendaria; eta, gizonez osaturik zegoen abesbatza.
Askorako tartea uzten dute 37 urtek. Eboluziorik ere izango zenuten.
Hala da. Sortu eta urtebetera, emakume ahotsa botatzen genuen faltan. Beraz, abesbatza misto bilakatzea erabaki genuen. Estatuko hainbat lehiaketetan parte hartzen hasi ginen orduan; Tolosan eta San Vicente de La Barqueran izan ginen tartean. 1982an, ostera, Izagirre hil zen; eta, neu hasi nintzen zuzendari lanetan.
Gaur-gaurkoz, zer eskaintzen duzue emanaldietan?
Denetariko abestiak eskaintzen dizkiegu gure emanaldietara datozenei. Emanaldiak emanaldi, kontzertu bakoitzera egokitzen dugu errepertorioa. Finean, jendeak zuzenean nekez entzun ditzakeen kantuak eskaintzea dugu helburu; filmetako abestiak, rantxerak eta aurreko mendeetako abestiak, adibidez.
San Migelekoa ez da urtean zehar eskaintzen duzuen kontzertu bakarra, ezta?
Hala da. Hainbat hitzordu izaten ditugu urtean zehar. Besteak beste, Loiolako Santutegian eskainiko dugun emanaldi bat prestatzen dihardugu; hainbat konpositore jesuiten omenezko kontzertua izango da Loiolakoa.
Lan asko egongo da horren atzean.
Noski. Bi entsegu egun ditugu astean; ordu eta erdi inguruko saioak izaten dira. Horiez gain, beste entseguren bat ere sartzen dugu tarteka. Gainera, beste taldeekin koordinatzea ezinbesteko dugu zenbait emanalditan.
Eta, aurrera begira, zer?
San Migel jaietako kontzertuari dagokionez, jada jarriak gara datorren urteko kontzertuari begira. Bestetik, bestelako hitzorduak prestatzen jardungo dugu emanaldiaren ostean.