Euskal Herriko Txapelketa nagusirako 'berotzen'

Xabier Urtzelai 2017ko ira. 29a, 10:16

Aretxabaletako San Migel jaietako herri kirolen erakustaldian, iaz, aizkolariak lanean.

Urriaren 15ean Donostian jokatuko duten hitzordu handirako sailkatuta dauden aizkolarietako bi, Atutxa eta Mugertza, izango dira domekan Aretxabaletako plazan; Irati Astondoa eta Alazne Etxaburua, berriz, aizkoran eta trontzan ibiliko dira. 

Domekan San Migel jaien barruan Aretxabaletako plazan (13:00etan hasita) egingo duten herri kirolen erakustaldiak saltsa polita izango du. Batetik, aizkoran zein baino zein gehiago izango diren Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak finala dute jokoan hamabost egun barru. Eta bestetik, emakumezkoetan herri kirolean historia egin duten Irati Astondoa eta Alazne Etxaburua izango dira zein baino zein gehiago. 

Txapelketa nagusirako sailkatuta 

Euskal Herriko Txapelketa nagusia urriaren 15ean jokatuko dute Donostian, eta domekan gurean egongo diren aizkolariak dira finalerako sailkatuta dauden sei lagunetako bi.  

Duela 15 egun jokatu zuten sailkatze jardunaldia Abadiñoko frontoian; orduan hamar aizkolarik jardun zuten lehian, finalerako zeuden sei txartelengatik borrokan. Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrarekin batera, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi aizkolariak sailkatu dira Donostiako probarako –Aurten ere hutsunerik handiena iaz Aretxabaletan programatuta egon zen Jose Mari Olasagasti igeldotarrarena izango da. Gipuzkoarrak bigarren urtez egin du huts, eta, bigarren urtez jarraian parterik ez hartzeak bigarren mailara jaistea eragingo dio–. 

Aizkolariek, Abadiñon, 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor moztu behar izan zituzten. Etzi, egunean bertan argituko dute Mugertzak eta Atutxak ze lan egin beharko duten. Hori horrela, bi aizkolariendako erakustaldia baino entrenamendu saioa izango da domekakoa.

Emakumezko erreferenteak

Herri kirolen erakustaldiak duen beste osagai bat Irati Astondoaren eta Alazne Etxaburuaren arteko lehia da. Bi kirolari horiek erreferente dira, 2015eko ekainean emakumezkoen arteko lehenengo Herri Kirolen desafioan hartu zutelako esku. Orduan aizkoran eta segan egin behar izan zuten, eta Etxaburuak segan trebezia galanta erakutsita lortu zuen lehenengoz txapela janztea. Aipatu moduan, saio historikoa izan zen, lehenengo aldia zelako emakumezko batek Herri Kirolen desafio batean txapela janzten zuena. Domekan protagonista berberak izango dira plazan, baina egin beharreko lanak bestelakoak izango dira, aizkoran egitearekin batera trontzan egingo dutelako. 

Ondoren, Karmele Sarasolak egingo ditu harri-jasotzaile lanak eta ingude altxaketa ere egingo du. Eta, azkenik, Izeta II.ak erakustaldia egingo du 200, 250 eta 270 kiloko harriekin, eta 111 kiloko bolarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak