Bertako produktuz betetako azoka

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ira. 28a, 15:32

Iazko azokan, emakume bat, erosten.

San Migel jaien barruan, Durana kalean egingo den 23. azokan, nekazaritza ekologikoko hamasei postu izango dira eta artisauenak, berriz, 35. Arlutzeko kantxan laugarren urtez egingo da bertako ganaduaren feria.

San Migel jaietako artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren azoka irailaren 30ean, zapatua, izango da. Aurtengoa hogeita hirugarren edizioa izango da, eta 10:00etatik 14:00etara bitartean Durana kalean jarriko dituzte postuak.

Hain zuzen ere, produktu ekologikoen hamasei postu izango dira, 26 mahaitan banatuta. Garaiko barazkiak, gazta, eztia, ogia, intxaurrak, landare ekologikoak… mota horretako produktuak izango dira, besteak beste. Nekazaritza  Ekologikoaren Elkarteko Adrian Sanchezek hauxe adierazi du: "Azokan izango diren elikagai guztiak ekologikoak izango dira, eta azpimarratzekoa dela uste dut zuzeneko salmenta egiten ekoizleak egongo direla. Ekoizle guztiak gipuzkoarrak izango dira eta nafar bat ere izango da, berakatzak saltzen. Hala, aukera bikaina egongo da lehen mailako produktuak erosi eta, edozein zalantza izanez gero, ekoizleei galdetzeko…". Herritarrek jarritako bost postu ere izango dira, gainera: Mendibitzuko ardi-gazta eta haragia, Maria Jesus Rebueltaren barazkiak eta Kurtzebarri eskolako ikasleen eta Jose Lonbideren barazkiak, besteak beste.

Artisauen 35 postu

Barazki eta fruitu ekologikoez gainera, artisau postuak ere izango dira, urtero moduan. Hala ere, ez da aldaketa handirik izango aurtengo edizioan. Izan ere, iaz azokan izan ziren postu berdinak egongo dira. Euskal Herri osoko ekoizleak elkartuko dira bertan, eta 35 postu izango dira, guztira; horietatik sei Aretxabaletakoenak izango dira.

Zapatak, alpargatak, artilea, kremak, sendabelarrak, bitxiak, larrua, euskal panpinak, egurra eta taila… halako produktuak izango dira. Gainera, produktuak saltzeaz gain, hainbat artisauk produktuak azokan bertan ekoiztuko dituzte, eta nola egiten duten ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Artisautza eta nekazaritza ekologiko postuak ikusteaz gain, Loramendi Elkarteko Tril emakume taldeak antolatuta, talo txosna zabalduko dute 10:30ean, Pagaldai tabernan. Horrekin batera, Leizarra Musika Eskolako trikitilarien eta pandero-joleen musika eta Simon Otxandategi taldearen joaldunak ere izango dira kaleetan zehar.

Formatu txikiko feria

Arlutzeko kantxan, bestalde, bertako ganaduaren feria ere egongo da ikusgai; aurten, laugarren urtea izango du. Urte gutxiz egin den arren, arrakastatsua izaten da, eta animaliak gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. "Feria baino gehiago, erakusketa izango da, eta bertan, behiak, ahuntzak, ardiak, astoak, oiloak-eta ikusteko aukera izango da. Batez ere, gaztetxoei bideratutako ekimena da; izan ere, haurrak oso gustura egoten dira animaliak ukitzen…" dio Inma Miguelek, Aretxabaletako Kultura teknikariak.

Ikastetxeetako ikasleak ekoizle

Arizmendko eta Kurtzebarriko ikasleak ere eurek ekoiztutako produktuak saltzen izango dira San Migel jaietako azokan, urtero moduan.

Kurtzebarri eskolak ortuko proiektuarekin 20-25 urte inguru daramatza, eta aurten, bultzada eman izan nahi diote. Honela azaldu du Rosa Urreta irakasleak: "Gaur egun, bidegorria amaitzen den lekuan dugu ortua, eta proiektuari garrantzi handiagoa ematen ari gara…".

Arizmendikoak, bestalde, pasa den ikasturteko udaberria ezkero ari dira lanean ortuko proiektuarekin, eta oilategia ere badute; bertan, hogei oilo inguru dituzte. Hala, bi ikastetxeek egin duten lanaren erakusleiho gisa erabiliko dute Durana kaleko azoka.

Ortuko produktuak azokara

Kurtzebarri eskolako Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetakoak haziak landatzen izan dira eskola ondoan duten ortuan eta hirugarren mailako haurrek, berriz, ortuan landatutakoa zaindu dute. Hala, kalabazak, piper berdeak, kalabazinak, porruak, patatak, azenarioak, eta abar ekoiztu dituzte, eta horiek eramango dituzte azokara saltzera. Bestalde, masustekin egindako marmelada eta haurrek euren baserrietan bildutako sagarrak eta pikuak ere izango dituzte salgai.

San Migel azokara begira hainbat tailer egin dituzte irailean, txorimalo tailerra, esaterako, eta, saltzera eramango dituzten produktuez gain, horiek ere jarriko dituzte ikusgai azokan. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako haurrak izango dira produktuak saltzen, eta matematika lantzeko balioko diela adierazi du Urretak. Bestalde, ordu erdian behin, seiko taldeak aldatzen joango dira.

Urte osoan ekoizteko asmoz

Arizmendi Ikastolako haurrek hainbat produktu eramango dituzte azokara: Lehen Hezkuntzako bigarren mailako haurrek hostore-lazoak, laugarren mailako ikasleek krispetak eta seigarren mailakoek, aldiz, sagar-dultzea. DBHko laugarren mailakoak ere izango dira sanmigeletako azokan, tartak saltzen, ikas bidaiarako dirua lortzeko asmoz.

Almen gunean ortuko proiektuarekin Lehen Hezkuntzako laugarren mailako haurrak hasi ziren, DBHko laugarren mailako talde batean, eta irakasle talde baten laguntzarekin. Bada, hasi berri diren arren, proiektua indartzen ari dira, eta bertan, tomateak, piperrak, kalabazak, kalabazinak, piperminak, eta abar ekoiztu dituzte. Agian, hainbat produktu azokan erakusgai jarriko dituzte, baina urte osoan zehar ekoiztu nahi dituzte garaian garaiko elikagaiak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak