EH Bildu pozik agertu zen ordenantza berriarekin: "Erreminta garrantzitsua sortu dela uste dugu herritarrek Udal egituretan parte har dezaten eta demokrazian gehiago sakondu. Bide bat zabaldu da, dokumentu bat sortu da, eta orain martxan jarri behar da hau, eta martxan jartzeko behar dira gogoa eta borondate politikoa", adierazi zuen Irati Pagoaga zinegotziak.
Ordenantzak dioen lez, helburua da demokratizazioan sakontzeko marko legala zehaztea; batetik, herritarren parte hartzea arautu eta sustatzeko, eta bestetik, Udal egituraren gardentasuna bermatzeko: "Udalaren konpromisoa, beraz, demokrazian sakontzen lagunduko duen parte-hartze sistema sortzea da", dio araudiak. Unai Elkoro alkatearen esanetan herritarrek ez dute igarriko aldaketarik: "Orain ere iritzia emateko eta Udalean parte hartzeko aukera badute, baina eskubide batzuk bermatuko ditu horrek". Aho batez onartu zuten udalbatzako kideek eta hilabetez egongo da orain ikusgai; helegiterik izan ezean behin betiko onartuko dute.
Kataluniari babesa
Katalunian bizi duten egoerarekin kezkatuta EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat, Independentzia izenarekin. Horren helburua zen "babesa adieraztea" Kataluniako parlamentuak egin gura duen erreferendumari eta "salatzea Espainiar estatutik jasotzen dabiltzan erasoak". Hainbat konpromiso hartzeko eskatu zuten mozio bidez, besteak beste, prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa, Herriko Plazan dagoen ikurrinarekin batera estelada jartzeko erabakia eta Katalunian erasoak jarraituz gero herritarrak mobilizatzera deitzeko konpromisoa. "Egoera oso larria da. Estatu Espainiarrarekin ezinezkoa da eztabaida bat abiaraztea; hori ez da demokrazia, eta ezin da onartu. Horren aurrean erantzun irmoa, bateratua eta koherentea eman behar da", zioen Ion Albizuk.
Irabaziko Luis Mariano Gomez ere mozio horren alde agertu zen: "Espainiako gobernuak oinarrizko eskubideak urratu ditu eta oso larria da hori. Elkarrizketa politikorako deia egiten dugu arazo politikoak era baketsuan konpontzeko".
Jeltzaleek, ostera, aurka bozkatu zuten: "Mozioak dioen gehienarekin ados gaude, baina ez Udalak mobilizaziotara deitzearekin", argitu zuen alkateak. Eta Miren Lorea Lana sozialista ere aurka agertu zen: "Erreferendum horrek ez du inolako berme demokratikorik". Mozioa ez zen onartu, baina EAJkoek ere bat egin zuten EH Bilduk deitutako elkarretaratzearekin eta Herriko Plazan izan ziren beste aretxabaletar askorekin batera.
GED ere Kataluniarekin
Galdera eta eskaeren atalean beste mozio bat aurkeztu zuen Gure Esku Dago taldeak. Kezkatuta agertu ziren horiek: "Katalanen bozkatzeko nahiari eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeari Espainiatik iragartzen ari diren erantzun demofobikoekin arduratuta gaude", eta "babesa eta elkartasuna" adierazi zioten Kataluniako herriari zein erakundeei. Mozio hori aho batez onartu zuten.
Bukatzeko, Irabaziko Gomezek merkatari baten kexa jarri zuen mahai gainean: "Andramaixetan umeen artean banatutako izozkiak kanpoko enpresa batetik ekartzea ez da begi onez ikusi". Kultura zinegotzi Joxe Migel Uribarrenek erantzun zion Auzo Lagun ez dela kanpoko enpresa bat, eta aretxabaletarren presentzia nabarmena dela han: "Niretzat Auzo Lagun herriko enpresa da, nahiz eta zergak ez ordaindu bertan inguruko beste enpresa batzuk bezala".