Agurtzane Elkoro UDAko presidentea lanerako gogotsu agertu da: "Euskararekiko kezka aspalditxoan dugu; geure kabuz euskara bermatzeko pausuak eman ditugu eta zuzendaritzako kideok ere jarrera aktiboa izan dugu. Baina orain pausu bat aurrerago emateko gertu gaude, kontuan hartuta UDA tresna aproposa izan daitekeela euskararen aldeko jardunean". Loramendi elkarteko kideek "pozik" hartu dute UDAren lanerako gogoa, eta biek bat eginda hainbat proiektu jarriko dituzte abian.
Bideo elkarrizketak eta trebakuntza saioak
Urtea bukatu bitartean bi ildotan egingo dutela lan iragarri dute. Batetik, bideo-elkarrizketak egingo dituzte. Herriko kirolariekin elkarrizketa laburrak grabatuko dituzte, hilabetean bat, eta gero sare sozialen eta komunikabideen bitartez zabaldu hilabeteko azken astean. Kirolarien esperientziak eta bizipenak jasoko dituzte elkarrizketa horietan, eta euskara ere izango da elkarrizketako gai. Hemendik eta urtea bukatu bitartean honako kirolariekin egongo dira: Beñat Etxabe, Lore Etxeandia, Markel Uriarte eta Oihana Aldai. "Kirolariek gazteentzat duten erreferentzialtasuna baliatzea da helburua, hauen artean euskarari prestigioa eta indarra emateko", adierazi du Iñigo Iñurrategik, Loramendiko presidenteak.
Bestetik, trebakuntza saioak eskainiko dizkiete kirol elkarteko hezitzaileei, gazteekin lanean jarduten dutenei hain zuzen ere. "Entrenatzaileak euren erreferentzialtasunaz kontziente egin eta euskararekiko jarrera aktiboa bultzatzea da helburua. Baita entrenatzaileei euskararen erabilera bultzatzeko baliabideak eta tresnak ematea", esan du Iñurrategik. Hiru saio egingo dituzte udazkenean.
Era berean, egitasmoari "oso interesgarri" iritzi dio Udalak eta babestu egin du. Atal gehiago ere badituela Euskara lehen mailara-k aurreratu dute bultzatzaileek eta horiei 2018an helduko dietela adierazi.