Astelehenean zabalduko dute Ibarra kiroldegia

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 16a, 13:59

Haizetearen ondorioei aurre egiten dihardute Aretxabaletan. Kaltetuenetakoa kiroldegia izan da eta astelehena arte, behintzat, ez zabaltzea erabaki dute Udal ordezkariek. Bien bitartean, pazientzia eskatu diete erabiltzaileei.

Domeka gauean hasi eta astelehen eguerdia bitarteko haize zakarraren arrastoak oraindik ere agerian daude: edukiontzietan zatiak falta, apurtutako teilatu zatiak lurrean eta jausitako zuhaitzak moztuta lorategi askotan. Konpontze eta garbitze lanak, poliki-poliki doaz aurrera.

Kaltetuena kiroldegia

Kirol instalazioek izan dituzte kalterik handienak. Ibarra futbol zelaian horma apurtu zuten haizeak botatako zuhaitzek, baina entrenamenduak normaltasunez dabiltza egiten martitzenetik. Iturrigorri pilotalekuan sabai zati bat apurtu zen.

Kalte handienak, baina, Ibarra kiroldegiak izan zituen. Kanpoaldeak, hain zuzen ere; fatxada inguratzen duen kristalak jausi ziren barruko bi sabai-leihoen gainera, eta leiho horiek ez baziren ere apurtu, ezin dute bermatu erabiltzaileen segurtasuna. Horretarako aldamioak jarriko dituzte barrualdean, bi tokitan. Eta aldamioak jarri bitartean ez zabaltzea kiroldegia erabaki dute, astelehena artean, hain zuzen ere. Dena den, azken erabakia –esandakoa berretsi edo oraindik egun gehiagotan mantendu itxita– zapatuan hartuko dute.

Behin kiroldegia zabalduta ere oraindik lan asko egin beharko dute datozen asteetan: "Lehenengo fasean aurrealdea garbitu behar da eta solariumeko zikinkeria guztia jaso eta hori babestu urik ez dadin pasatu. Eta bigarren fasean, fatxada berria jarriko da, aurretik zer jarri erabakita. Uste dut argi dugula guztiok material berdina ez dugula jarriko", dio Mujikak.

Itxita dagoen bitartean pazientzia izateko eskatu die abonatuei alkateak eta  abonatuei ez zaiela kobratuko aste hori jakinarazi du.

Pinudietako kalteendako laguntzak

Kalte handiak jasan dituzten beste gune batzuk inguruko pinudiak dira. Galartza aldean, Urkulu inguruan eta Apotzagaetxebarri auzoan ere pinu mordoa apurtu eta bota zituen haizeak. Aldundiko ordezkariek jakinarazi dute halako kasuetarako badaudela diru laguntzak. Hiru bat aste barru basoko laguntzen deialdia argitaratuko dute eta han zehaztuko dituzte zenbatekoak izango diren, 1.500 eta 3.000 euro artekoak hektareako baso trinkoen kasuan. Laguntzak basozainen laguntzarekin bideratu behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak