Bederatzi milioi eurotik gorako Udal aurrekontua 2017rako

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 2a, 15:24

9.107.048 euroko aurrekontua onartu du udalbatzak, iazkoarekin alderatuta 60.000 euro gehiago. Udal gobernuak EH Bilduren hainbat proposamen onartu ditu eta bai EH Bilduk eta bai Irabazik abstentziora jo dute bozketan.

Iazkoaren oso antzekoa da aurrekontua, 60.000 euro gehixeago ditu bakarrik, eta "zuhurtziaz" jokatu dutela, batez ere, gastuak zehazterakoan jakinarazi zuen Unai Elkoro alkateak. Era berean, herrian hobekuntzak egiteko 500.000 euro gordetzen saiatu direla aurreratu zuen, batez ere, ezinbestean konpondu beharreko lantxoak egiteko. Hain zuzen pilotalekuko sabaia konpontzeko 60.000 euro gorde dituzte, irisgarritasun lanak egiteko 100.000 eta beste 100.000 euro hainbat errepide berritzeko.

Partida orokorrei dagokienez, hainbatek igoera izan dute, nahiz eta txikia izan; Ongizatera, esaterako, 698.600 euro bideratu dituzte eta %7,5eko igoera izan du, eta Garapen Ekonomikora 141.300 euro, ia %3,2ko igoerarekin. Hondakinen bilketa, kudeaketa eta tratamenduari dagokion partida, ostera, jaitsi egin da %10 inguru, 629.300 eurora, hain zuzen ere.

Gobernuan jeltzaleen kide den Alderdi Sozialista konforme agertu zen aurrekontuarekin.

EH Bilduk sei proposamen

EH Bilduk, ostera, "arima falta" zaiola aurrekontuari adierazi zuen, zenbakien atzean ez dituztelako ikusten plangintzak, irizpideak eta proiektuak. Eta eskua luzatu zion Udal gobernuari lanerako. Era berean, hainbat emendakin eta ideia aurkeztu zituzten. Horietako hiru onartu egin zituen Udal gobernuak. Batetik, zebrabideak egokitzeko plana egitea irisgarritasuna bultzatuz. Bestetik, osoko bilkuren aretoko soinua egokitzeko inbertsioa egitea, osoko bilkurak telebistaz jaso ahal izateko. Eta hirugarrenik, hezkuntza egoeraren gaineko ikerketa egitea herrian, sare ezberdinen artean sortzen diren desorekak ikertzeko.

Beste hiru, ostera, ez zizkioten onartu: batetik, hutsik dauden etxebizitzen alokairua sustatzeko neurriak hartzea. Bestetik, Berdintasun saila indartzea, eta gai horretan desadostasun sakonak dituztela Udal gobernuarekin onartu zuen Ion Albizu zinegotziak. Eta hirugarrenik, hirugarren munduarekin lankidetzan diharduten taldeendako diru-laguntzak mantentzea eskatu zuten, aurten %35eko murrizketa izan duelako. Horrek baina bere azalpena duela adierazi zuen alkateak: "20.000 eurotik 13.000 eurora jaitsi dugu, baina 7.000 euro horiek bideratu ditugu herrian gizarteratze lanetan dabilen talde batetara. Lan horretan profesionalizatzea gura du talde horrek eta horretarako laguntza behar du".

 

KORTEA4. Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea

 

Irabazik ere bi emendakin aurkeztu zituen. EH Bildukoekin bat egin zuen hirugarren munduko taldeendako diru-laguntzen kontuan eta hori igotzea eskatu zuen urtez urte, %0,7ra iritsi arte. Eta bestetik, Urkulu inguruak txukun eta garbi mantentzearen ardura ez dagokiola Aretxabaletako Udalari adierazi zuen. Eta Hori horrela, horretara bideratutako 16.000 euroak beste kontu batzuetarako erabiltzeko eskatu. Ez bata, ez bestea ez ziren onartuak izan.

 

Eta oposizioko bi taldeek, EH Bilduk eta Irabazik abstentziora jotzea erabaki zuten.

 

KORTEA5. Ion Albizu, EH Bildu

 

KORTEA6. Luis Mariano Gomez, Irabazi

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak