Joan den urrian onartu zituzten Udal tasetako bati helegitea aurkeztu diote eta bertan behera uzteko eskatu. Hain zuzen ere, pinuak basoetatik ateratzeko bideak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa da hori. Eta oniritzia ematea erabaki zuen Aretxabaletako udalbatzak atzo egindako ezohiko osoko bilkuran. Tasaren ordez fidantza bat jarriko dute bideen garbitasuna bermatzeko.
EH Bilduko zinegotziak ados agertu ziren baina bi kontu zehaztu beharko direla adierazi zuten. Batetik, zeinendako den fidantza hori, hau da, lur jabearendako edo egurra jasoko duen enpresarendako. Eta bestetik, bidearen egoera zein den egurra atera aurretik eta ondoren. Lur-jabe batzuk ere izan ziren osoko bilkuran eta sektore horren gaineko hausnarketa sakona eskatu zuen horietako batek.
Bi zerbitzuren kontratazioa ere egin zuen udalbatzak. Batetik, etxerik etxeko zerbitzua orain ere ematen duen Gizadi enpresari eman zioten beste lau urterako. Eta bestetik, Ibarra kiroldegiko kirol zerbitzuen ardura Athlon enpresak izango du beste bi urtez.
Aho batez onartu zituzten bi esleipenak baina EH Bilduko kideek eskatu zuten beste behin, kiroldegiaren ereduen gaineko hausnarketa bat egitea bi urte barru erabaki bat hartzeko. Irabazik, ostera, bideragarritasun azterketa bat eskatu zuen.
Eztabaida, baina, presoen eskubideen gainean aurkeztutako mozioak eragin zuen. EH Bildu gertu agertu zen mozioa moldatzeko gainerako taldeen babesa lortze aldera eta ahal den kontzentzu handienarekin onartzeko. Hala, jeltzaleek eskatutako aldaketak egin zituzten mozio horretan, hau da, Gipuzkoako Batzar Nagusietan presoen eskubideen gainean onartutako lau puntu sartu. Desadostasuna, baina, eragin zuen abenduaren 31n Sarek deituta Aretxabaletan egingo den elkarretaratzeak. Mozioaren puntu horrek zioen Udalak egingo diela elkarretaratze horretarako deia herritarrei eta jeltzaleak ez ziren ados agertu horrekin. Era pertsonalean elkarretaratzera joateko gertu azaldu ziren, baina Udalak deitzeko konpromisorik ez zuten gura “konotazio politikoak” dituela arrazoituta.
Hainbat herritar izan ziren eztabaida jarraitzen bilkuren aretoan eta horietako batzuk ezin ulertua agertu zuten beste elkarretaratze batzuk deitu izan dituelako Udalak. Azkenean puntuz puntu bozkatu zuten mozioa, lau puntu aho batez onartu zituzten eta bosgarrenean abstenitu egin ziren jeltzaleak eta Alderdi Sozialista, hortaz, aurrera egin zuen mozioak.
EH Bildukoek jakinarazi zuten pauso garrantzitsua dela adostasuna lortu izana.