Alaitz Olaizola eta Goizeder Iturain, Karmele Igartua sorkuntza bekan sarituak

Miren Arregi Amasorrain 2016ko abe. 16a, 19:49

Alaitz Olaizola azpeitiarraren Sugegorrik lanak irabazi du Idazle Eskolak ematen duen Karmele Igartua sorkuntza beka. Aipamen berezia Goizeder Iturain zumaiarrari egin diote, Elefanterik gabeko zirkua lanagatik. Eskola antzerki lanak aurkeztu behar izan dira aurten lehiaketara. Idazle Eskolak eta Aretxabaletako udalak antolatu dute hori.

Seigarren edizioa bete du aurten Karmele Igartua sorkuntza bekak eta zortzi eskola antzerki lan aurkeztu dituzte. Iñaki Zubeldia eta Pako Aristi idazleek eta Itziar Gomez aktore eta gidoilariak osatu dute epaimahaia eta lehenengoz, bakarra barik, sari bi ematea erabaki dute. Hala, eta esan bezala, Alaitz Olaizolaren Sugegorrik lanari eman diote lan onenaren saria; Aipamen berezia egin diote, Goizeder Iturainen Elefanterik gabeko zirkua-ri.

"Originaltasuna..."

Tere Irastorzak hartu du hitza Idazle Eskolaren izenean eta esan du, biak ala biak, lan originalak direla. Sugegorrik lana saritu izanaren arrazoien artean aipatu ditu "originaltasuna, kalitate literario altua eta euskara egokia eta egilearen sormena", besteak beste. Sorkuntza bekaren irabazleak "oso pozik" hartu du saria eta horrelako sariketen garrantzia nabarmendu du: "Antzerkigintzak bultzada bat behar du eta horrelako bekak oso garrantzitsuak dira, besteak beste, jendea sortzen hasten delako".  "Antzerkiak, antzezleak ez ezik, ikuslea behar du eta hori txiki-txikitatik landu behar den gai bat da", adierazi du Olaizolak Karmele Igartua sorkuntza bekak eskola-antzerkiari ateak ireki izana goraipatuz.

Aurkeztutako lanen kalitate altua kontutan hartuta, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Elefanterik gabeko zirkua lanari. 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoek egiteko moduko antzezlan bat sortu du Goizeder Iturainek eta hark ere "oso pozik" jaso du epaimahaiaren aipamen berezi hori. Zubeldiak, Aristik eta Gomezek osatutako hirukoak, lanaren "originaltasuna, umorea, umearen munduarekiko hurbiltasuna, euskararen indarra eta taularatzeko ematen dituen aukerak" balioetsi ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak