Coprecirekin hitzarmena sinatzea onartu du Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 22a, 15:09

Aretxabaletako Udalak hitzarmena sinatuko du Copreci kooperatibarekin lursail bat uzteko hari. Izan ere, lantegiak hazten jarraitzeko asmoa dauka eta aparkalekuak egiteko lekua behar du. Atzo egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak hitzarmen hori sinatzea.

Aretxabaletako Copreci kooperatibak hazten jarraitzeko asmoa dauka. Hazte prozesu hori, noiz eta nola gauzatuko duen zehaztu gabe du oraindik, baina horretarako egin beharreko tramite kontuak dagoeneko hasi ditu Udalarekin. Hala, atzo, astelehena, egindako osoko bilkuran hirigintza hitzarmena sinatzea erabaki zuen udalbatzarrak Coprecirekin.

2015ean handitu zuen eraikina lantegiak. Orduan aparkalekuari gordetako solairua erabili gura dute orain, eta ondorioz, beste aparkaleku baten beharra daukate. Izan ere, legeak dio 100 metro karratuko aparkalekuko plaza bat behar dela. Horri irtenbidea emateko Udalak lantegiaren inguruan duen lursaila utziko dio. Parking berriak 98 aparkaleku izango lituzke eta publikoa izango litzateke, hau da, herritarrei irekia.
 
Bestetik, pentsatuta duten hazkuntza eginez gero eraikigarria den metro kopurua baino gehiago izango luke eraikinak, eta ondorioz, hainbat aldaketa egin beharko dituzte. Gaia eztabaidatzeko orduan udalbatzako bi kidek, EAJkoa bata eta Irabazikoa bestea, alde egin zuten aretotik Copreciko bazkide izateagatik. Gainerakoek, aho batez onartu zuten hitzarmena sinatzea.

Hiru moziotatik bakarra onartuta

Galdera eta eskaeren atalean hiru mozio aurkeztu zituzten eta horiek eztabaida eragin zuten. Irabazik pobrezia energetikoaren gainekoa aurkeztu zuen: "Negua dator orain eta behar handiagoa dago. Euskadin ere kasu asko daude, krisi sasoian %168 egin dute gora kasuek hemen. Horregatik, Udalari mozio bidez eskatu diogu, estatuko gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta diputazioei eskaerak bideratzeko dagokien heinean". Estatuko egoera eta Euskal Autonomi Erkidegokoa "guztiz bestelakoak" direla erantzun zion alkateak eta Udal gobernua mozioaren aurka azaldu zenez ez zuten onartu.
 
Gainerako bi mozioak Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren gainekoak izan ziren. EH Bilduk aurkeztu zuen bata, eta konpromisoak eskatu zituzten: "Indarkeria matxistaren aurrean konpromiso zehatzak eta baliabideak behar dira. Eta eskaera zuzena egin diogu Udal gobernuari Berdintasun Saila martxan jar dezan eta behar besteko partida bat zehaztu aurrekontuan", esan zuen Ion Albizu zinegotziak.
 
Mozioan esandakoekin eta eskatutakoekin ez zen ados agertu Udal gobernua, eta gainera, argi eta garbi utzi zuen Berdintasun Sailik ez dela izango datorren urtetik, ezta teknikaririk ere. "Berdintasuna transbertsala izan behar dela uste dugu, udaletxeko sail guztietan eraginez. Aurrekontuan partida bat gordeko dugu kanpoko enpresa bat hartzeko eta aholkularitza zerbitzua eman", zioen Karmele Uribarrik, Ongizate zinegotziak.
 
Azaroaren 25ari begirako bigarren mozioa EAJk berak aurkeztu zuen, eta egubakoitzeko ekitaldietarako dei egin herritarrei. Elkarretaratzea egingo da, 19:00etan, Herriko Plazan, Emakumeen aurkako indarkeriarik ez leloarekin, eta Eudelek proposatutako adierazpena irakurriko dute han. Gainerako alderdiek ere han izango direla iragarri zuten, desadostasunak alboratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak