Erain Debagoienako antolatzaileek espero baino jende gehiago izan da eta bitan altxatu dute koloretako oihalez egindako gutuna.
Bizikletaz 40 lagun inguru joan dira Urkulura. Arrasateko udaltzainek gainera, bidea erraztu diete bizikletaz joan diren horiei. Eta bestela, oinez eta kotxetan ere jende dezente gerturatu da eguerdian Urkulura, Erain Debagoienatik antolatu duten gutun erraldoian parte hartzera.
Oihalezko gutun erraldoia airean jarri, eta azpian sartu da ondoren jende guztia. Barruan, Gure Esku Dago ekimeneko kantua abestuta, primerako giroa jarri dute bertaratutakoek.
Inguruko lau auzotatik joandako kanpai joleen harrera ere izan dute eta datorren domekan, ekainaren 5ean, egingo den herri galdeketarako motorrak berotu dituzte.