Euskarak osasunbidean eta Lanbide Heziketan duen egoeraz hitz egin zuten Aretxabaleta Lanbide Eskolan

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 12a, 11:10

Euskarak osasunbidean duen egoeraz eta azken urteotan Lanbide Heziketan izan duen garapenaz aritu ziren atzo, eguaztena, Aretxabaleta Lanbide Eskolan.

Jardunaldian honako hauek hartu zuten parte: Jose Mari Armentia, Osakidetzako giza baliabideetako zuzendaria; Xabier Arauzo, Osakidetzako Euskara Zerbitzuburua; Kepa Altube, Laneki - Jakinbai.eus-eko kudeatzailea; eta Rikardo Lamadrid, Lanekiko presidentea eta Aretxabaleta Lanbide Eskolako zuzendaria.

Jose Maria Armentia Osakidetzako giza baliabideetako zuzendariak dio Osakidetzak euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartuta daukala."Legealdi honen hasieran gure konpromisoa garbia izan zen. 2013ko abenduan bigarren euskara plana onartu genuen. Badakigu Osakidetzan atzerapen puntu batekin gaudela euskara arloan, baina azken lau urte hauetan bultzakada eman diogula uste dut. Asko daukagu egiteko oraindik, baina guztien laguntza behar dugu horretarako, elkarlanean jardun", azaldu du.

Osakidetzan profesional elebidunak izatearen garrantzia ere azpimarratu zuten atzoko hitzaldian."Osakidetzan, etorkizun hurbilean, profesional elebidunak nahi ditugu. Horretarako, osasun arloko ikasketa akademikoak burutzen dituzten ikasleak euskara menperatzeak daukan garrantziaz jabetzeko proiektu bat daukagu. Etorkizunean osasun arloan lan egiteko eskertuko dela eta eskatuko dela jakin behar dute ikasleek", dio Xabier Arauzo, Osakidetzako Euskara Zerbitzuburuak.

Jardunaldiak Lanbide Eskolak berak antolatu ditu, Osakidetzaren euskara plana eta Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak lerro beretik doazela adierazteko.

Azken urteetan eskaintzan erdararako joera egon dela dio Rikar Lamadrid Aretxabaleta Lanbide Eskolako zuzendariak. "Azken urteetan erdarazko beharrizan bat nabaritu dugu. Izan ere, datozkigun ikasleen perfila erdalduna da, gehienak etorkinak dira eta. Guk, hala ere, euskarazko eskaintza %90ean mantendu egin dugu", onartu du.

Datozen urteetan euskarari indar eta garrantzia gehiago ematen saiatuko direla nabarmendu du Lamadridek. Izan ere, Kepa Altube Laneki- Jakinbai.eus eko kudeatzaileak nabarmendu du asko dagoela egiteko oraindik. "Euskararen arloan gauza asko geratzen zaizkio egiteko Lanbide Heziketari, eskaintzan, matrikulazioetan eta material aldetik ere bai. Guk material arloa jorratzen dugu eta urtero 60 bat material berri ateratzen ditugu. Hala ere, oraindik material dezente geratzen zaigu euskaraz klaseak eman ahal izateko. Orain B eredua sartuta, espero dugu A eredua gutxitzea eta B eta D ereduak goranzko bidea hartzea", nabarmendu du Altubek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak