Agintaldirako hirigintza plangintza egin gura du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 14a, 16:01

Aretxabaletako EH Bilduko kideek agintaldirako zehaztu duten hirigintza plangintza aurkeztu dute. Herriko baliabideak eta beharrak aztertzea, eta mugikortasun plana osatzea dago plan horretan, besteak beste. Udal gobernuak begi onez hartu du eta datorren astean lantaldea sortuko dute lanean hasteko.

Agintaldia hasi zenetik hamar hilabete pasatu ondoren hirigintza kontuen gaineko hausnarketa egin du EH Bilduk: "Herrian hainbat gaik eskatzen dute hausnarketa eta erabakia hartzea; kuartel zaharrak, esaterako", argitu du Pedro Mendietak. Basotxo erretiratuen egoitza dagoen eraikinean zer egin ere erabakitzeko dagoela diote, baita agustindar mojen komentuan ere. Era berean, udaletxeak berak hainbat "muga eta behar" dituela gogorarazi dute.

Osasun arloko eraikinetan eta hezkuntzari dagozkionetan ere badagoela "zer hausnartu" diote. Industriaren kasuan, industrialdea "hilerri" bihurtu dela uste dute, eta, Azbe eta inguruko eremuetara iniziatiba pribatuak hurreratu badira ere, epe motzekoak izanik horiek, "arriskutsuak" izan daitezkeela uste dute.
Hori horrela, Aretxabaletari norabide "berritzailea" eman gura diote: "Zelako Aretxabaleta gura dugun era integralean pentsatzeko une egokia da, inprobisazio arriskua alderatuz eta epe luzeko akordioak bultzatuz", diote.

Mugikortasun plana

Hori horrela, hurrengo lau urteetarako plangintza zehaztu dute. Lehenengo, herriko baliabideak eta beharrak aztertuko dituzte, lurrari eta etxebizitzei dagozkien baliabideak, besteak beste. Ondoren, mapak sortu gura dituzte zer eta non kokatu erabakitzeko, osasun arloko kontuak, etxebizitzak eta zerbitzuak, besteak beste.

Gero etorriko litzateke mugikortasun plana zehaztea: "Oinezkoen lehentasuna bermatzeko, aparkalekuak ondo antolatzeko eta garraio publikoari behin betiko irtenbidea topatzeko". Horrez gain, zona batzuetan planifikazio zehatzak egin gura dituzte, Santa Kurtz kalean eta Txarapean, esate baterako.

Agintaldi bukaeran hau guztia jasoko duen "plan orokor bat" martxan jarri beharko litzatekeela diote EH Bilduko kideek. Eta horretarako talde bat sortzea proposatu dute. Hor egongo lirateke ordezkari politikoak, Udal teknikariak eta kanpoko adituak. Era berean, herritarren parte-hartzea ere bultzatu gura dute.
Hau guztia dagoeneko aurkeztu diote Udal gobernuari eta "harrera ona" egin diote: "Onartu dute plangintza ona dela Aretxabaletarako. Datorren astean lantaldea sortuko da eta lanean hasi", argitu du Ion Albizu zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak