Aretxabaletarrak mugimenduan jarriko ditu 'Atxabalta Mugi'-k

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 12a, 15:32

Jarduera fisikoa bultzatzea helburu duen Atxabalta Mugi egitasmoa aurkeztu dute gaur, martitzena, Aretxabaletan. Eusko Jaurlaritzak, Debagoieneko ospitaleak eta Udalak egin dute bat horrekin eta elkarlanean jardungo dute aretxabaletarrak "mugi" daitezen.

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Mugiment proiektu barruan dago Atxabalta Mugi egitasmoa eta hori aurkezteko elkartu dira Arkupen, Jon Lamariano, Osasun Publikoko koordinatzailea; Andoni Artzelai, Debagoieneko Erakunde Sanitario Iintegratuko gerentea; Unai Elkoro, Aretxabaletako alkatea; Asier Muxika, Udaleko kirol teknikaria; Mirari Aiastui, Udaleko gizarte laguntzailea; eta Goizane Mendizabal, Aretxabaletako osasun etxeko erizaina.

Gizarte aktiboagoa sortzeko abian jarritako ekimena da Mugiment, jarduera fisikoaren praktika areagotzeko eta sedentarismoa gutxitzeko asmoarekin. Eta hainbat sektore dabiltza elkarlanean, Osasun departamentua eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura departamentua, besteak beste. Jaurlaritzak 2013-2020 Osasun Plana dauka zehaztuta eta lehentasunen artean bizitza ohitura osasungarriak sustatzea du. Eta horretan udalen inplikazioa ezinbestekotzat jo du Osasun Publikoko koordinatzaileak.

Orientazio bulegoa Durana kalean

Aretxabaleta orain sartu da egitasmo horretan eta Udalaren babes osoa jaso du. Lehenengo egitekoa izan da Mugisare edo tokiko sarea sortzea. "Mahai egonkorra izango da eta gaur elkartutako guztiok gaude ordezkatuta han", argitu du Muxikak, kirol teknikariak.

Elkarren artean plan bat osatu dute eta zehaztu 2016an abian jarriko dituzten urratsak. Lehenengoa izango da aretxabaletarrek jarduera fisikoaren inguruan dituzten ohiturak zeintzuk diren ezagutzea. Horretarako 553 inkesta egingo dituzte kalean, MUko ikasleen laguntzarekin.

Bigarren urratsa izango da orientazio bulego bat irekitzea. Durana kalean, Murrukixo mendizale elkarteak bulegoa duen lokal berean egongo da hori: "Herritar guztiei egongo da zabalik baina bereziki izango da osasun etxetik eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratutakoendako", adierazi du Muxikak. Aholkularitza zerbitzua jasoko dute guztiek han.

Sentsibilizazio kanpainak

Beste ekimen batzuk etorriko dira ondoren, jarduera fisikoa sustatzeko sentsibilizazio kanpainak, esaterako. Izan ere, uste dute kirol jarduera bultzatu dela beti, eta orain, jarduera fisikoa sustatzen jarri gura dituzte indarrak: "Oraindik zehaztu barik ditugu datak baina asmoa da sortzea korrika taldea, oinezkoen taldea eta nordic walking taldea, besteak beste. Eta Mugi Eguna ere egingo da", zehaztu du kirol teknikariak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak