Iazko urtarriletik abendura bitartean 420 lagun abonatu ziren, eta gorazko joerari eutsi egin diote 2016an ere; izan ere, martxora artean beste 110 abonatu gehiago daude; hortaz, guztira 530 dira. "Igoera batez ere irailetik aurrera gertatu da; irailaren 7an, 2.188 abonatu zituen kiroldegiak eta martxoan, 2.650 ditu", azaldu du Asier Muxikak, Kirol teknikariak.
Ibarran eskaintzen dituzten jardueretako partaide kopuruak ere gora egin zuen iazko ikasturtean, ia %40 hain zuzen ere. "Igeriketa, spininga, RTX, zumba… jende asko dabil jarduera guzti horietan, eta oso pozik gaude", dio Mikel Uribetxebarriak, Kirol zinegotziak.
265.000 euroko galerak
Datu ekonomikoei dagokienez, gaur egungo auto-finantziazio maila %65ekoa dela jakinarazi dute. Kiroldegiaren gastua guztira da 778.468 euro, eta sarrerak, ostera, 512.713 euro; hortaz, azken urtean izan duen galera da 265.754 euro. "Aretxabaletar bakoitzari urtean 38 euro dagozkio galera horretatik", dio Uribetxebarriak eta gaineratu du: "Hala ere auto-finantziazio maila oso ona da kontuan hartuta Gipuzkoan dauden hainbat kiroldegi".
Aurtengo erronkak
Aurtengo erronkak ere zehaztu dituzte. Batetik, zerbitzua hobetzen joan gura dute eta horretarako abonatuen iritzia ezinbestekoa deritzote. Hala, gogobetetasun inkesta egingo diete hil honetan bertan: "Orain dela bi urte ere egin zen, eta emaitzak alderatuta ondorioak aterako ditugu hobetzen joateko".
Bestetik, kudeaketa ereduaren gaineko hausnarketa abiaraziko dute, 2017an lehiaketara aterako dutelako zerbitzua: "Azken lau urteotako eredua ikertuko dugu, eredu ezberdinak mahai gainean jarri gero eta Kirol batzordean eztabaidatu. Eredurik eraginkorrena aukeratzea izango da kontua", dio zinegotziak.
Erronka horiekin batera, beste hainbat zehaztu dituzte: informazioa abonatuen eskura jarri; barne araudia zehaztu eta onartu; eskaintza berritzailea eta anitza bermatu; eta mantentze eta garbiketa lanak hobetu, besteak beste.