Ekuadorko Napo probintzia hautatu dute Hiruatxeko kideek azken proiektua garatzeko. Aretxabaletako gobernuz kanpoko erakundeak kitxuek osatutako Wiñak kooperatibako kideei lagunduko die kakaoa ekoizten. 257 bazkide ditu kooperatiba horrek eta horietatik %66 emakumeak dira.
Emakumeen emantzipazioa helburu
Wiñak kooperatibako kideak aspaldiko lagunak dituzte Hiruatxekoek, orain dela hainbat urte Truke programari esker Debagoienean izan zirelako. Proiektu serioa eta sendoa dutela ikusita erabaki dute laguntzea orain eta bi urteko proiektua jarri dute abian. Kakao ekologikoaren ekoizpenean lagun eginda hainbat helburu lortu gura dituzte. "Emakumeen emantzipazio ekonomikoa eta ahalduntzea lortzea da helburuetako bat, bertako kakao tradizioa errotzea eta mikrokreditu sistemaren bidez sortu duten kutxa sendotzea ere badaude", dio Aiora Padillak, elkarteko kideak.
Hain zuzen egunotan Ekuadorren dabil Hiruatxeko kide Ibon Antero bertatik bertara ezagutzen hango egoera; eta berri pozgarriak bidali dizkie. "Itxura oso ona duela esan digu. Gainera, beste 30 lagunek sartu gura dute kooperatiban", jakinarazi du Padillak.
Diruaren %75 herritarrei esker
Hogei urtetik gora daramatza Hiruatxek hirugarren munduko herrialdeei laguntzen; azken laurak Mozanbiken egin ditu Mundukiderekin batera. Eta beti izan dute aretxabaletarren babesa. Hain zuzen lortzen duen diruaren %75 herritar anonimoei esker dela argitu du: "Eta sekula ez dugu egin bazkidetza kanpainarik. Hortaz, eskerrik asko guztioi!"
Kakaoa izanik aurkezpeneko protagonista txokolatearekin goxatu zuten ilunkara, eta Oñatiko Txokolateixako Anton Azpiazu adituak horren gaineko argibideak eman zizkien elkartutakoei.