Erretiratuen gogoak, gustuak eta nahiak asetzen ahalegindu dira Basotxoko zuzendaritza batzordeko kideak, eta egitarau osatua zehaztu dute. Kultura Astea hasteko iparraldera joan dira gaur. "120 lagun goaz, bi autobus beteta, eta Larhun mendiko trena geuretako bakarrik hartu behar izan dugu", jakinarazi du elkarteko presidente den Jose Inazio Isasmedik harrituta.
Bihar, ostera, Errekabarren kaleko egoitzan bertan elkartuko dira, dantzan egin eta txokolatea hartzeko. "Etxekoek, Quintanilla anaiek girotuko digute aretoa, eta umore ona eta dantzarako lekua gura beste izango ditugu", dio Isasmendik erretiratu guztiak gonbidatu nahian.
Aisialdi kontuak intereseko gaiekin elkartu dituzte egitarauan, eta datorren asterako hitzaldi bi daude zehaztuta. Martitzenean, Idiazabal jatorriko gazta dastatzea egingo dute eta azalpenak emango dizkie Felix Ajuria artzain eta gaztagileak. Eta eguenean herentzien gainean jardungo du Zenbaki aholkularitza enpresako Naiara Mendibil abokatuak. "Lehen saioa orain hilabete batzuk egin genuen eta orduan ezin sartu geratu ziren bazkide asko interes handia sortu zuelako gaiak. Izan ere, gu adinean aurrera goaz eta gai hauek argitzea gura izaten dugu", adierazi du Isasmendik.
Katuz kalean bigarrenez
Kultura Astean ezin falta kultura ekitaldiak. Hala, eguaztenean Oñatiko Pake Lekuko erretiratuek sortutako Ikusi Makusi taldeak Novedades en Villa Titiritaina antzezlana eskainiko die.
Eta hilaren 26an, sanmigel zapatua, Basotxoko kantu taldea izango da protagonista, beste hainbat kantu talderekin batera. Kantuz kalean izenarekin herriko bazterrak girotuko dituzte kantu herrikoiak abestuta: "Geu ere joaten gara kanpora: Gernika, Eibar, Otxandio, Elgeta… Eta orain eurak etorriko dira gurera, nahiz eta batzuk ezin etorria agertu", jakinarazi du taldeko zuzendaria den Imanol Arantzabalek. Kantu taldeak sei urte ditu eta 27 lagun dira egun. Eguaztenetan elkartzen dira entseguak egiteko eta egunotan gogotsu dabiltza Arantzabalen aginduetara zapatuko ekitaldia gertatzen.
Doke txapelketa
Astea bukatuko dute doke txapelketa jokatuta. Urte askoan galduta egon da dokea Aretxabaletan, eta hain zuzen erretiratuek berreskuratu dute. Basotxorekin batera norgehiagokan jardungo dute beste hiru elkartek: Loramendi, Aretxarte merkatarien elkartea eta Aretxabaletako kirol elkartea. "Azken desafioan Aretxartekoek irabazi zuten eta gure asmoa da aurten geuk eskuratzea txapela", esan du presidenteak.
Kultura Asteak iraun bitartean gainera, erretiratuek egindako eskulanak izango dituzte ikusteko Basotxoko egoitzan: "Egurrean egindako lanak, pintura lanak, jostunenak… Benetan artistak dira batzuk eta lan horiek edozeinek ikusteko egongo dira".
Egitaraua