Filipinetako jesuiten ekoiztetxe bat, Loiolako San Inaziori buruzko pelikula bat grabatzen dabil, eta astean Aretxabaletako Galartza auzoko dorretxearen inguruan izan dira film horretarako eszena batzuk grabatzen.
Loiolako Santutegiaren inguruan gaur egun eraikin dezente daude, eta Loiolako San Inazioren garaia islatu nahian, egoki ikusi dute Aretxabaletako Galartza auzoan dagoen dorretxearen inguruan grabatzea. Hauxe adierazi du Filipinetako jesuiten komunikazioen zuzendari Nono Alfonso Aitak: “Hemen aurkitu genuen dorre bat orduko Loiolako Santutegia ondo irudikatzen duena, dorre zoragarria da eta erabaki genuen dorre hau erabiltzea”.
Jesuiten Konpainiaren sortzailea izan zen Loiolako San Inazio eta Frantzisko Aita Santua ere jesuita denez, batez ere bi horien historia aztertu nahi izan dute ikus-entzunezkoarekin.
Grabazioak Loiolan eta Iruñan ere bai
Astelehenean hasi eta uztailaren 17ra bitartean jarraituko dute grabazioekin; Aretxabaletatik Loiolara joango dira, eta ondoren Iruñarako bidea hartuko dute: “Loiolara joango gara santutegiaren barruko aldea grabatu nahi dugulako, bertan bizi izan zelako Inazio; bere logela, jantokia... han grabatuko dugu. Iruñara ere joango gara, toki zirraragarrienera, Iruñan Inaziok guda izan zuelako Frantsesekin”, azaldu du Nono Alfonso Aitak.
Espainiako hainbat aktorekin ari dira grabatzen ikus-entzunezkoa eta behin hemengo grabazioak bukatuta, Filipinetara itzuliko dira. Hauxe da filmaren helburua: “Pelikularen helburua da Inazioren historia kontatzea batez ere jende gazteari. Espero dugu pelikula erakutsi ahal izatea jende gazteari, jesuiten unibertsitateko ikasleei eta noski gaur egungo belaunaldiko gazteei.”
Euren asmoa da hemendik urtebete ingurura estreinatzea pelikula.