UDAk ez du jaia borobildu (1-1)

Xabier Urtzelai 2015ko mai. 31a, 19:21

Arratsaldeko lehenengo ordutik jai moduan bizi izan dute aretxabaletarrek play-off-etako lehenengo partidua, Getxoren kontrakoa. Kalejirara koadrila polita animatu da, eta futbol zelaiak ere aparteko giroa erakutsi du harmailetan. Berdegunean, baina, UDAk ez du jaia borobildu, lehenengo zatian Etxabek 1-0ekoa egin badu ere, bigarren zatiaren hasieran Getxok berdinketa lortu duelako.

Eta berdinketa hori ez da batere ona Aretxabaletarendako, nahiz eta ondoren egindako penalti saioan UDAkoak ate aurrean trebeago ibili  –ederra Castellanosen lehenengo gelditua– Getxok asko balio duen puntua atera duelako Ibarratik. Valleren mutilak irabaztera derrigortuta daude datorren astean Gasteizen, eta ondoren arabarren eta bizkaitarren partiduak emango duenaren zain egon beharko dute. Euren alde esan, atzean sartzen den taldearen kontra gaitza dela aparteko etekina lortzea, hasieratik horretan ahalegindu badira ere.

Getxo, partidua berdintzera

Bizkaitarrek ontzat ematen zuten puntua, eta ez dute garaipenerako aparteko ahaleginik egin. Lehenengo zatian Etxabek lortu du 1-0ekoa, eta gol baliotsua zen, Getxori gora egitera derrigortzen ziolako, eta ordura arte defentsan erakutsitako ordena alboratzea zekarrelako. Baina Getxok gora egite hori UDAkoen kalterako izan da, bigarren zatia hasi eta berehala etorri delako bizkaitarren gola, aurreko jokaldian bertan abixua emana zutenean.

Eta, berdinketarekin Getxo ostera ere atzean sartu da, partidua faltez josi, UDAkoak lehiatik atera, eta zaleak lokartuarazteko asmoz. Eta lortu egin dute. Vallek erasorako apustua egin du, eta 12 urte zituenetik UDAko elastikoa janzteke zuen Jose Javier Barkero zelairatu du, besteak beste. Honek berdegunean erakutsi du hilabeteak jokatzeke egon gabe ere baduela izan zenetik apur bat –falta jaurtiketa penaltia balitzan jarraitu dute zaleek– baina mirariak ezin zaizkio inori eskatu, ordurako Getxok bi solairutako horma egina zeukalako.

Hamaikakoak:

UDAn: Castellano, Gartzi, Gorka, Arriaran, Etxabe (Gola), Urtzi, Eraña, Orueta, Arizmendi, Sanchez, Perez.

Getxo: Iñaki, Xabier, Iker, Perez, Xabier, Lozano, Adrian, Castillo, Nocolas, Ibon, Lander.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak