Demetrio Iriarteren mendeurrena ospatuko dute maiatzean hasi eta abendura bitartean

Mirari Altube Arrese 2015ko mai. 8a, 15:30

Demetrio Iriarte Muxikaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen den honetan, Aretxabaletako Txistulari taldeak musikari eta konpositore handia omentzeko hainbat ekintza antolatu ditu. Maiatzean hasiko dira ekintzok eta urte bukaerara arte iraungo dute.

Helburua da Iriarteren obra berreskuratu eta ezagutzera ematea; herriko hainbat musika taldek Iriarteren musika oinarri proiektuak elkarbanatzea; ibarreko txistulari taldeen arteko kolaborazioak bultzatzea eta Demetrio Iriarteren irudia aldarrikatzea, txistulariak XX. mendeko Aretxabaletako musikaren garapenean izan duen garrantzia kontuan hartuta.

Helburu horiek lortze bidean, Aretxabaletako Txistulari Taldeak hainbat ekintza antolatu ditu, maiatzean hasi eta urte bukaerara bitartean egingo direnak.

Iriarteren obra eta bizitza

Aita eta aitaita txistulariak zituen Iriartek. Baita anaia eta lehengusuak ere. Familiatik zetorkion, beraz, musikarako zaletasuna. Espainiako gerran preso egona, 1942an aske gelditu ondoren Aretxabaletan hasi zuen bizimodua eta bertan garatu zuen musika ibilbidea. UDA, Musika Banda, Alkar, Loramendi Dantza Taldea... Herriko hainbat kultura talderekin kolaborazioak egiten hasi zen eta Juan Luis Izagirre, Pepe Urtubi eta beste batzuekin Aretxabaletako Musika Banda sortu zuen 1951n. Ez hori bakarrik, Alkar musika eskolako zuzendari ere izan baitzen. 1985ean erretiratu zen txistulari gisa eta 1992an Euskal Herriko Txistulari Elkarteak urrezko domina eman zion.

Txisturako 150 obra baino gehiago konposatu zituen Iriartek: kontrapasak, dantzak, habanerak, alboradak... Haren pieza gehienak familiari, lagunei, txistulariei, kirol taldeei... eskainitakoak dira. "Haren bizitza sozial oparoaren adierazle", diote mendeurreneko ekintzen antolatzaileek.

Ekitaldiak

Maiatzaren 24an Durana kalean, 12:30ean, Gasteizko Musika Bandarekin batera egingo dute ekitaldia Aretxabaletako txistulariek. Ekainaren 5ean, Leizarra Musika Eskolako banda txikiarekin batera joko du taldeak. Urriaren 23an izango da urteko ekitaldi nagusia: Iriarteren lana ezagutzera emateko kontzertua izango da, Donostiako Txistulariekin batera egingo dutena. Urriaren 24an, Aretxabaletan txistularien bilkura egingo dute, Iriarteren lana oinarri.  Zehazteke dauden beste ekintza batzuk ere aurreikusten dira; abenduan egingo dira horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak