Alkategaiak ezagutzen

Miren Lana: "Inoiz baino beharrezkoagoa da politikara ekartzea herritarrak"

M. Deogracias Horrillo 2015ko mai. 1a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Arrasateko zinegotzi izan da hainbat legealditan Miren Lana (Arrasate, 1965). Maiatzeko udal hauteskundeetan, aldiz, Aretxabaletan aurkeztuko da Arrasateko plaza "berritzeko" eta politikagintza laga barik "herritarren alde lanean segitzeko". Nafarroako unibertsitatean Zuzendaritza Laguntzaile ikasketak egin zituen eta gaur egun Arartekoaren alboko idazkari ari da.

Arrasateko Udala utzi eta Aretxabaletan aurkeztuko zara udal hauteskundeetan. Zergatik? Zerk eraman zaitu erabakia hartzera?

Berritzea beharrezkoa dela sinetsita eta gazteei lekua egiteko utzi dut Arrasateko Udala. Hala ere, Aretxabaletan aurkeztea erabaki dut herritarren alde lan egiteko erabakia dudalako.

Aita, José Luis Lana, militante sozialista ezaguna duzu; berari zor diozu politikarako zaletasuna?

Bai, duda barik. Nire aitak zein osaba Marcos Vitoriak txikitatik sozialismoaren baloreak erakutsi izanak betidanik markatu naute.

Hark ere emango zizun aholkurik… gogoratzen duzu zer esan zizun lehenengoz aurkeztuko zinela esan zenionean?

Lehenik eta behin zintzotasuna azpimarratuko nuke eta jakina, aukera berdintasunaren aldeko borroka eta babes gutxien daukaten kolektiboekiko elkartasuna, bestela ezin izango litzateelako.

2011ko hauteskundeetatik dezente aldatu da giroa Euskal Herrian; igarriko duzu kanpainari begira, beste modu batera jarduteko aukera izango duzuela?

Horixe baietz. Birkartzain barik ibiltzeak eta nire askatasunaz gozatzea lagungarria izango zaie herritarrei ere, natural antzean eta beldurrik gabe guregana gerturatzeko.

Bide batez, udal hauteskunde hauetan eskaintza politiko gehiago izango da hainbat udalerritan; Aretxabaletan ere alderdi berri bat aurkeztuko da (Irabazi Aretxabaleta). Herritarrak politikara erakartzeko une egokia dela uste duzu? Zergatik?

Uste dut inoiz baino beharrezkoagoa dela eta horretarako erakutsi beharra daukagu politikan denak ez duela balio eta politikari guztiak ez garela berdinak.

Hautagai emakume gutxi zarete Debagoienean… Topikoa da politikagintza gizonezkoena dela, ala beste bat da kontua?

Lanaren banaketak orain arte asko eragin izan du, emakumeok hartu izan dugulako ia guztiaren pisua… Baina gaur egun, familiaren eta lanaren kontziliazioari esker, emakumeok gehiago goza dezakegu gure familiaz eta baita gure aisialdiaz. Emakumeen eta gizonen berdintasun horren alde borrokatuko dut beti.

Zein ordutan izaten dira alderdiaren bilerak zuenean, bulego orduetan ala lan ostean? Zuk zer proposatuko zenuke?

Politikatik kanpo, zinegotziok bestelako eginkizunak ere baditugula kontuan izanik, alegia, gure familiaren ekonomia aurrera ateratzeko lanak baditugula, bilerak normalean gure lanaldiak amaitu ostean izaten dira, arratsalde-iluntzetan. Gure kasuan, esaterako, beti izaten dira arratsaldeko 6etan, gutxi gorabehera.

Aholkuak erraz onartzen dituzu, ala eztabaidatzea gehiago gustatzen zaizu?

Egoeraren eta lantzen ari garen gaiaren arabera, ematen dizkidaten aholkuak oso gustura hartzen ditut. Hala ere, batek ez du bestea kentzen, hau da, aholkuak hartu daitezke, eta aldi berean eztabaidatu. Ideien eztabaida gure alderdian ohikoa izaten da, aberasgarria delako eta hainbat sentsibilitate eta ikuspegi izan badirelako denok abiatzen garen hasierako puntu horretatik aurrera.

Auzolagunen lan egin izan duzu; izena badauka, izana ere bai? Udal politikagintzak badauka auzolagunetik, ala alderdien arteko eztabaidak nagusitzen dira gehiago?

Gaur egun Arartekoan ari naiz lanean, eta kontuan izanik PSE-EEren zerrendan aurkezten naizela, nire alderdiaren idealak defendatzen ditut. Beraz, ideia sozialistak jarraitzen ditut, baina horrek ez du kentzen Aretxabaletan udal politika herritarren eta euren ordezkarien arteko elkarlanean oinarritzea, eta hala espero dut gainera.

Lana eta politikagintzak eta etxeko kontuez gainera, nola betetzen duzu zure denbora librea? Zer zaletasun dituzu?

Egia esateko oso denbora libre gutxi daukat. Hala ere, saiatzen naiz apur hori goxatzen, beharrezkoa delako bai gorputzarentzat zein buruarentzat, nire lana behar bezala egiten segitzeko. Zaletasun gisa etxekoentzat eta lagunentzat janaria prestatzea gustatzen zaidala aitortzen dut, asko erlaxatzen nau. Bidaiatzea ere gustuko dut; Gabonetan esaterako, Marrakechen izan nintzen eta Aste Santuan Istanbulera joan naiz. Baina, aitortzak egiten hasita, nire denbora librea asteburu "batzuetara" mugatzen da eta lagunekin egoteko aprobetxatzen dut edo aitaren jaioterrira, Murietara, joateko. Han benetan erlaxatzea lortzen dut, denbora eten egiten dela baitirudi. Ega ibaiaren erriberatik paseatzea benetan da atsegina.

Komunikabideak jarraitzen dituzu?

Horixe baietz! Baina zoritxarrez, Arartekoko lanak eta udaletxekoak, lanaldi osoa hartzen dutenez, gauez eta etxean egiten dut medioen jarraipena; asko berandutzen naizenean interneten eta sare sozialetan egiten ditut ikuskatzeak.

Eta, euskaraz nola moldatzen zara? Eta, ingelesez edo frantsesez edo beste hizkuntzaren bat ikasi duzu?

Euskaldun-zaharra naiz. Ondo moldatzen naiz euskaraz, baina adierazteko orduan gaztelaniaz hobeto aritzen naiz. Frantsesez ere ondo egiten dut, familiak deserrira ihes egin behar izan zuelako, eta ingelesez, erdizko maila dudala esango nuke.

Mobil zalea zara? Asko erabiltzen duzu?

Bai, asko erabiltzen dut, nahiko nukeena baino gehiago.

Sare sozialetan aritzen zara?

Bai sare sozialak erabiltzen ditut, gaur egun funtsezkoak direla esango nuke eta Facebooken eta Twitterren kontuak badauzkat. 

Whatsapp talderen bateko kide zara? Erabilgarriak iruditzen zaizkizu, ala abusatu egiten da?

Banago bai hainbat taldetan sartuta eta arlo profesionalean zein politikoan erabiltzen ditut. Lagun arteko taldea ere badaukagu eta beste bat San Viatorreko ikasle ohiena, familiakoaz gain. Tresna oso egokia dela deritzot eguneratzeko eta jendearekin harremanetan segitzeko.

Eguraldiaren tarteak ikusten dituzu? Inoiz bidali duzu zuk ateratako argazkiren bat eguraldiaren tartera?

Informazio meteorologikoa? Astebururako planen bat dudanean, bai, baina ez daukat bestelako zaletasunik eta, ez, ez dut inoiz bidali argazkirik.

Ea, ba, busti zaitez: 2007an Aretxabaletan PSEk 400 boto batu zituen; 2011n, 262; 2015ean, zenbat?

Denok dakigun bezala une zailean gaude, baina duda barik emaitzarik onenak lortzea nahiko nituzke, edo gutxienez atxabaldarren alde eta haiekin batera lan egiteko aukera emango didaten beharrezkoak!

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak