Lanak adierazi du Bilduk gobernatu duela Aretxabaleta "zorrotz" eta "inposizio bidez", eta horren adibide dela atez ateko sistema ezartzeko izandako jarrera "autoritarioa": "Sistema zaharra da, zikina, deserosoa, garestia eta kontrol politikoa dariona", dio eta gaineratu: "Atez atekoaren aurka agertutako herritarren kontra egin du Bilduk".
Alderdi Sozialistaren zerrendaburuak konpromisoa hartu du atez ateko bilketa sistema "kentzeko" eta edukiontzi bidezko bilketa ezartzeko, organikoarendako edukiontzi marroia jarrita. Era berean, zera esan du: "Inposizioa, autoritarismoa eta informazioaren manipulazioa ez da udal bat gestionatzeko modua". Horregatik "adostasunetara iristeko" lan egingo duela dio.
Ibarra kiroldegiari dagokionez eskatu du "kalitatezko gestio publikoa", eta 2012an hiruko enpresen elkarteak izandako defizita bere gain hartzearen aurka agertu da.
Eta gaineratu du "enplegua sortzeko" neurrien alde egingo duela lan eta "kalitatezko zerbitzu publikoak" bermatzearen alde. Horregatik talde ahulenengan eta krisiaren ondorioz gaizki pasatzen dabiltzan horiengan oinarrituko duela gestioa. "Herriaren garapen ekonomikoan eragile aktibo izateko obligazioa du Udalak, eta hori hala izan dadin ahaleginduko gara Aldundia eta Jaurlaritzarekin batera. Hala, enpleguaren aldeko politikak piztu eta merkataritza eta turismoa dinamizatu behar dira, talde guztiak inplikatuz jarduera ekonomikoan".