Politikagintzan esperientzia bakoa zara.
Hala da. Erakunde mailan, politikan ez dut esperientziarik. Baina beti jarraitu dut politika hurbiletik.
Eta orain bete-betean: zerrendaburu.
Bai, animatu egin naiz. Uste dut herrigintzan herritarrok sartu eta gure aldetik zerbait jarri behar dugula. Bestela, egunen batean bukatuko dugu enplegu agentziara joan eta alkateak eta zinegotziak kontratatzen. Pozik hartu nuen; neure kezkekin, baina uste dut egin egin behar dela, eta behin baiezkoa esanez gero, aurrera!
Bestelako herri mugimenduetan ere ibilitakoa zara, ezta?
Ibili izan naiz Loramendiren inguruan, lehenago Alkar zenean… gehienbat kale giroan; ekimenei jarraituz albo batetik, protagonismo handi barik.
Etxean zela hartu dute?
Aldaketa handiak dira, lan hauek ez daude oso ondo ikusita… eta beti dago kezkatxo hori. Baina etxean ez badute onartzen, zaila da honek gauzok aurrera eramatea. Beraz, onartuta dago eta ikusiko dugu ze eragiten duten gure etxean, baina uste dut ondo eramango dugula.
Jeltzaleen hautagaiak ere estraineko aldia du alkategai modura; hori lagungarri da?
Aretxabaleta moduko herri batean denok ezagutzen dugu elkar. Orain Unai da, lehen Mikel zen… Mikel umetatik ezagutu izan dut, atarte beretik; Unai kaletik… Uste dut garrantzitsuena dela ezagutzea, harremana aurretik izatea… eta hautagaia beste bat izango balitz, baina hura ere aretxabaletarra, ez dut uste traturako, behintzat, arazo handiegirik izango genuenik.
Kontuan hartuta Aralarrek ere bat egin duela Aretxabaletako zeuen zerrendan, zure burua dagoeneko alkate moduan ikusten ausartzen zara?
Ez, ez, ez… Ez dugu uste larregi aldatuko denik egoera, baina halako urte zailetan udaletxean egoteak desgastea dakar, agintaldiak gastatu egiten du. Hori igarri egingo da; ea guk hori konpentsatzen dugun gure programarekin eta gure jarrerarekin.
Ausartuko zinateke emaitzaren bat ematen?
Zazpi.
Behetik jo duzu…
Ez, zazpirekin gustura eta pozik egongo ginateke. Guk sinesten dugu egiten dugun gauzetan, gure baloreetan ere sinesten dugu. Beraz, batera bagatoz, irabaztera gatoz. Gehiago badira hobe, baina zazpi zinegotzi izateak lasaitasun handia emango luke, behintzat, guk uste duguna aurrera eramateko. Horrek ez du gura izan gehiengoa izanez gero, gura duguna egingo genukeenik eta horrelakorik.
Kudeatzaile ona zarelako aukeratu omen zaituzte alkategai…
Aspaldiko urteetan nire lana kudeaketarekin eta pertsonen tratuarekin zerikusi handia izan du. Baina desberdina dira herri bat eta fabrika bat. Hala ere, ohituta nago taldean lan egiten, jendearekin tratuan… Alde horretatik ez diot beldurrik alkate izateari.
Kooperatibako langile izanda, lantegiekiko, eta oro har, ekonomiarekiko gertutasun handiagoa izango duzu… egoera dagoen moduan, krisia, langabezia… kezka iturri izango dira zuretzat ere, ala?
Horiek dira, duda barik, denon ardura nagusiak. Udal batek horiek bideratzeko duen ahalmena oso txikia da, hala ere, gauza asko egin daitezke; gai garrantzitsuenetakoa da arlo hori lantzea, eta ondo lantzea. Guk uste dugu lan hori Udal bezala egin egin behar dela, baina Mankomunitate bezala lan egiteak indar handiagoa izango zukeela; sinergia asko sortuko lirateke, egiten dugun lana eraginkorra izateko, Garapen Agentzia kontuan hartuta, Saiolan moduko erakundeak kontuan hartuta, Eskola, unibertsitatea…
Orain arte politikak zer sentsazio eragin dizu?
Beti jarraitu izan dut, eta oso hurbiletik. Politika ez interesatzea oso gauza zaila iruditzen zait. Beste gauza bat da inbolukratzea… Baina uste dut norberak bere ideiak, bere posturak edozeren aurrean lantzea edozein pertsonarendako derrigorrezkoa dela. Eta horretarako jakin egin behar da zer esaten den. Norberak landu behar du zer nahiko zukeen norberarendako, eta norbere inguruarendako.
Zuretzat desberdinak dira herri politika eta goi mailako politika?
Oso desberdinak izan beharko lirateke. Nik ez dut ulertzen Aretxabaleta moduko herri batean goi politikari jarraika ibiltzea. Beste interes batzuk dira, beste estrategia bat… Askotan jausten gara alderdikerietan, baina uste dut oso desberdinak direla goi politika eta herri politika. Pertsona bat talde bateko parte den momentutik, proposatzen diren eta egiten diren gauzek adostasuna izan behar dute goi mailako politikan, baina herriko politika beste gauza bat izan behar da: apalagoa, adostasun handiagokoa…
Aretxabaleta aldatzen (h)ari gara leloarekin zabiltzate herritarrengandik proposamenak jasotzen; zure ustez, non du, batez ere, Aretxabaletak aldaketa beharra?
Dagoen krispazioa bukatu egin behar da. Gauza bategatik edo bestearengatik, beti haserre gabiltza; batek egiten duena beti gaizki dago, besteak proposatzen duena desastre hutsa da… hori ez da egia. Goi politika eta herri politika bi gauza dira, eta adostasunetara iritsi behar da. Horrek ez du esan gura bakoitzak bere pentsamendu politikoa eta ideiak ez dituenik landu behar, baina ezin duguna da borrokan ibili beti…
Alkate bazina, zein erabaki hartuko zenuke lehenengo?
Horrenbeste esaten dugun parte-hartzea lantzen hasiko nintzateke. Bagabiltza taldeak osatzen alor garrantzitsuenetan, udaletxetik kanpoko taldeak, adituekin-eta… Edozein modutan, pertsona bezala garrantzi handia ematen diot garbitasunari eta txukuntasunari. Uste dut alde horretatik lan sakona egin behar dugula legealdi honetan. Herri eroso eta atsegina behar dugu, duina ere bai, parte-hartzailea…
Kudeatzaile ona izateaz gainera, zertan da ona Xabier Igartua?
Nahiko nuke hemendik lau urtera beste batzuk esatea ea kudeatzaile ona izan naizen edo ez. Gure aurkari politikoak beti sentitu izan dira kudeatzaile onaren paradigma, eta ez da egia. Guk badugu horrenbeste ezagupide eta horrenbeste jende gauzok aurrera eta ondo eramateko. Legealdi oso zaila izan da, egundoko zorrari (herriak sortutakoari) aurre egin behar izan zaio udaletxean, ekonomikoki oso estu zegoen, eta hori zor hori ia erdira jaitsi da… beraz, zer da kudeaketa txarra egitea? Ze alde horretatik, nik uste dut kudeaketa ekonomiko ona egin duela, esango nuke, oso ona.
Zertan inbertitzen duzu, daukazunean, denbora librea?
Kirola oso gustuko dut; batez ere mendia. Beti izan da neure eta neure ingurukoen zaletasun handia. Lanak eta neguak ez du ematen aukera handiegirik, eta asteburuko bitartea da izaten duguna. Arineketan ere hasi ginen. Lagunekin ibili, irakurri…
Takarraran eta mendira andrearekin, ezta?
Bai. Zaletasunetan bat etortzea garrantzitsua da halakoak aurrera eramateko…
Aitajaun modura zela moldatzen zara?
Ez pentsatu pazientzia handikoa naizenik, baina halako ume zoragarri batekin haserretzea pena litzateke… neskatila inguruan dabilenean izugarrizko pozarekin eta beti deseatzen gabiltza bera ikusteko.
Semeek futbolarekiko duten zaletasuna familiarengandik edo aitarengandik datorkie?
Bai, neu ere ibili nintzen Aretxabaletan; goreneko ekipoan denboraldi zati bat jokatu nuen. Sasoiko ekipo garaiezin batean, UDAkoa… bukatu genuen liga partidu bat bera ere galdu barik, eta ez genuen lehenengo bukatu. Beste bat zegoen geure adinakoa eta guk berdinketa batzuk genituen… baina igo ginen mailaz, Eloi Uriarteren sasoian… Neuri asko gustatu zait eta semea trebea izan da… baina 11 urte goiko ekipoan egin eta gero nahikoa izango delakoan nago.
Zer moduz konpontzen zara sare sozialekin?
Korreoak bai, baina facebook-ak eta twiterrak ez ditut erabili izan. Orain hasi beharko naiz. Jarri dut helbide bat eta orain trebatu egin beharko naiz. Eskolak burutu nituenean, informatika ja erakusten zen; nik ingeniaritza ikasi nuen soldaduzka eta gero, bukatu nuen ezkondu eta gero,… eta izan zen gai bat izugarri trabatu zitzaidana, guztiz desberdina zelako. Baina fabrikari esker, korreoa eta informatika badarabilkit.
Komunikabideei kasu egiten diezu?
Bai. Egunero erosten dut egunkaria, Gara, baina inguruan harrapatzen ditudan beste batzuk ere gustatzen zaizkit irakurtzea; telebistan ere egunero ikusten ditut albisteak, Goienan harpidedun ere bagara eta horri ere begiratu batzuk egiten diegu… politikan eta munduan interesatuta egoten bazara, komunikabideak derrigorrezkoak dira.
Zein izango litzateke zuretzat oparirik ederrena?
Lau urte hauek, alkatetza guk ateratzen badugu, herrirako lau urte onak izatea; esandako gauza guztiak aurrera eramateko gauza izan eta lau urte barru jarraitzeko gogoa izatea seinale oso ona izango litzateke.