Alkategaiak ezagutzen

Luis Gomez: "Lehenengoz emango dut aurpegia, berba egiteari utzi eta zerbait egiten hasteko ordua delako"

Mirari Altube Arrese 2015ko mai. 4a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Aretxabaletan bizi da azken 20 urteotan Luis Gomez Sanchez (Arrasate, 1968) eta Coprecin egiten du lan. Ezker Anitza-IUko kidea da eta lehengoz izango da zerrendaburua, Irabazi-Ganar ekimeneko zerrendaburua. Zerbait egiten hasteko ordua dela dio eta "zintzotasuna eta zuzentasuna" eskainiko ditu.

Ezker Anitza-IUko kidea zara, baina lehenengoz aurkeztuko zara hauteskunde batzuetan, ezta?

Bai, zelanbait esateko lehenengoz emango dut aurpegia. Uste dut berriketari utzi eta zerbait egiten hasteko ordua dela, pausu bat aurrera eman, inplikatu eta eredu kapitalista hau aldatzen hasteko ordua.

Zerbait egiten hasteko ordua dela uste duzu orduan…

Bai, politika showean bihurtzen hasita dago, txikiteoko tertulian, baina politikan hartutako erabakiek guztioi eragiten digute. Oraingo politikak gustuko ez dudan lekura garamatza, horregatik nire aletxoa jarri gura dut.

Halako erabakia hartzeko inorekin egin duzu berba?

Neure buruarekin lehenengo, eta gero ingurukoekin, senideekin eta lagunekin. Babesa eman didate guztiek.

Aholkuak jasotzea gustuko duzu?

Bai, guztia kontsultatzen dut; nik uste bigarren aholku bat beti datorrela ondo, baita hirugarren bat ere.

Ezker Anitza-IUko kideok haustura garaiak bizi izan dituzue; oraindik ere sinesten duzu politikan?

Jakina. Politika garrantzitsua da eta gehiago talde txiki batean, beti borrokan jardun duen taldean. Izan ere, borrokan egin behar dutenak ahulak dira, boteretsuek nahikoa medio dituzte-eta eskura. Pobreak eta ahulak elkartu egin behar gara eta horregatik nago ni Ezker Anitza-IUn, nire kontzientziagatik eta ahulei lagundu gura diedalako.

Ezkerreko pentsaera izanik zeinekin zatoz bat Gaspar Llamazaresekin, Julio Anguitarekin edo Pablo Iglesiasekin?

Zalantza barik Julio Anguitarekin. Behar bada Llamazaresek izango du politikaritik zerbait baina Pablo Iglesias ez dakit politikaria den; oraingoz irakaslea da eta politikari izaten ikasten dabil… Eta Anguita da inondik inora herrialde honetan izan den politikaririk etikoena.

Errepublikazalea zara, hirugarren errepublika gertu dago?

Apirilean Eibarren aldarrikatu nuen hirugarren errepublika alderdikideekin batera, eta bai horixe, gero eta gertuago dagoela uste dut.

Iturrizar plazan bizi zara, giza eskubideen aldeko monumentuaren aurrean. Giza eskubideak, guztia eta era berean ezer esaten ez duten bi berba…

Guztia esaten dute. Pertsona guztiak libre jaio dira eta libre bizitzeko eskubidea dute, gura duten moduan gainera, beti gainerakoak errespetatuta, noski. Bai niretako, bai ekimenarendako giza eskubideak beti daude lehenengo.

Aretxabaletan zein da zure tokirik gustukoena?

Herriko Plazan pasatzen ditut ordu asko semeekin eta hortxe egoten naiz gustura. Iturrizar plaza ere gustuko dut eta kiroldegi eta futbol zelai ingurua ere bai.

Zer eskainiko dio Irabazi-Ganar ekimenak herriari?

Gure jokatzeko era. Zintzotasuna eta zuzentasuna eskainiko ditugu lehenengo, eta gero, herritarren parte-hartzea; herritarrek egin behar dute politika edozein mailatan eta gehiago udal mailan. Herri kontsultaren gidaliburua sustatu gura dugu kontsulten joko-arauak ondo zehazteko; izan ere, guk herri kontsultetan oinarritu gura dugu guztia: Udal aurrekontuak, inbertsioak… Eta horretarako herri batzarrak egingo ditugu herriko elkarteekin, eragileekin… Horien ideiak jasotzeko eta noski, kontuan hartzeko gero.

Zure eskuetan balego zer aldatuko zenuke bihar bertan Aretxabaletan?

Udalaren gastua ahal den guztia kontrolatzen saiatuko nintzateke eta gero inbertsioak bizilagunekin egindako batzar bidez zehazten, bakoitzaren ideiak jasota. Ez dezatela erabaki guztia udaletxean eserita dauden bi lagunek.

Kooperatibako bazkidea zara. Zer da kooperatibista izatea?

Jaiotzetik jaso dut kooperatibagintza; aita 45 urtean izan zen kooperatibako kide eta neuk ere 25 urte daramatzat. Lan egiteko eredurik solidarioena dela uste dut, eta aberastasuna banatzeko modurik egokiena. Egia da Arizmendiarrietaren balio asko gainbeheran daudela orain; hala ere eredurik onena dela uste dut.

Aisialdian zer egitea duzu gustuko?

Umeekin pasatzen dut denbora asko eta bidaiatzea ere gustuko dut. Lagunekin egoten naiz eta bakarrik ere bai: lasai egon, pentsatu…

Azken bidaia nora egin duzu?

Atenasen izan nintzen apirilean lagun batekin. Historia oso gustuko dut, aitzin aroa batez ere; batetik, "harriak" ikusi genituen, eta bestetik, Greziako egoera ezagutu genuen.

Opari bat egin beharko bazenu zer erosiko zenuke?

Zeinentzat den jakin behar. Neuri egin behar izanez gero baten batek musika hautatuko luke zalantza barik. Jaso dudan azken oparia izan da Fito y Fitipaldis taldearen diskoa eta haren kontzerturako sarrerak.

Eguneko albisteak jarraitzen dituzu prentsa bidez?

Bai, egunero bi edo hiru egunkari irakurtzea gustatzen zait. Egia esan manipulatuta dago guztia; komunikabideek kontatzen dute euren nagusiek gura dutena eta gaur egun informazio txarra ematen dute. Hala eta guztiz irakurri egiten dut eta horiez gain Interneten beste era bateko prentsa irakurtzen saiatzen naiz, kontrastatzeko: diario.esmundoobrero.es, el mundo comunista… Gure kontuak dira, komunisten kontuak.

Sare sozialak gustuko dituzu?

Facebook badut baina ez dut denbora gehiegi galtzen horretan. Kanpoan ez geratzeko behar besteko denbora bakarrik eskaintzen diot.

Eta whatsapp talderen batean ere bazaude?

Jakina, behar bada talde gehiegitan. Egunean pare bat aldiz bakarrik begiratzen dut. Izan ere, manipulatu egiten gaituzte horrekin ere, kontrolatuak izateko formulak dira. Teknologia berriak dira manipulatuak izateko tresnak, denbora tontakeriatan galdu eta errealitateaz ez disfrutatzeko moduak.

Euskaraz zer moduz moldatzen zara?

Zoritxarrez frankismo garaian jaio nintzen ni, eta gurasoak, gainera, kanpokoak zirenez ez nuen izan ikasteko aukerarik. Saiatu izan naiz ikasten eta ulertu egiten dut, baina kosta egiten zait berba egitea. Umeekin nabil orain ikasten. Gu euskara bultzatzearen eta sustatzearen alde gaude, eta ikasketak debaldekoak izan beharko liratekeela uste dut.

Zein emaitza espero duzu lortzea Aretxabaletan?

Herritarrek gura dutena. Nik pausua eman dut eta neure partetik ahalegin guztia egingo dut, hortaz, orain herritarrek dute erabakia. Emaitza dena delakoa izanda ere oso lasai geratuko naiz, herritarrek erabakitakoa izango delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak