Ordaindu plataformakoen bisita izan dute udalbatzako kideek osoko bilkuran

Mirari Altube Arrese 2015ko mar. 6a, 15:00

Lau mozio izan zituzten atzo, eguena, eztabaidagai Aretxabaletako udalbatzak egindako ezohiko osoko bilkuran. Ordaindu plataformako kideen bisita izan zuten, gainera; euren mozioaren berri ematera joan ziren, eta bete egin zuten osoko bilkuren aretoa. Udal ordezkariek bat egin zuten haien eskaerekin eta aho batez onartu.

Fagor Etxetresnen itxierak kaltetutakoek bete egin zuten osoko bilkuren aretoa. Eta eskatu zieten Udal ordezkariei mozio bidez bitartekari lanak egiteko, bitartekari lanak Mondragon Taldeari eskatzeko mahai baten bueltan eser dadila kaltetu guztiekin.

Jasandako kalteen berri bertatik bertara emateko aukera izan zuten Ordaindukoek eta Eskuratukoek, eta jendearen etsipenaren eta haserrearen berri jaso zuten udalbatzako kideek. Aho batez onartu zuten mozioa, nahiz eta Aralarrek eta EAJk gaia patxada handiagoarekin aztertzea faltan bota. Ana Bolinaga alkatea hunkitu egin zen entzundakoekin: "Enpresa bat ixten denean langileek pairatzen dute egoera, eta horiek eskubide osoa dute eskatzeko erakundeei bitartekari lanak egiteko". Eta borrokan jarraitzera animatu zituen.

Ondoren onartu zituzten aho batez Hassana Alia sahararraren aldeko mozioa; torturaren aurkako eta giza eskubide guztien aldekoa; Mendebaldeko Saharako auziari behin betiko konponbidea topatzeko mozioa; eta baita Emakumeen Nazioarteko Egunari begirako adierazpen instituzionala ere.

Mankomunitatearen estatuei ezetza EAJk

Mankomunitatearen estatutuen aldaketa ere onartu zuten, baina EAJko zinegotzi Mikel Uribetxebarriak aurka bozkatu zuen. Batetik, aldaketa hori egiteko prozesuarekin ez zen bat etorri, eta bestetik edukiarekin, bozka emateko aukerarik ez dutelako izango. Alkateak erantzun zion bozka ez, baina behintzat "ahotsa" izango dutela.

Diru-laguntzen plan estrategikoa ere onartu zuten derrigortuta daudelako horretara, gero Espainiako gobernuaren ordezkaritzak horren berri izan dezan.

Eta Santa Kurtz kalean dagoen plazatxo bati izena jartzea onartu zuten. Emakumeei eskainitako plaza izango da: Lau bankuko plaza, emakumeen baza. "Txikia da baina bere xarma dauka. Eta baza berbak badauka zerikusia taldearekin, jolasarekin, irabaztearekin… Badauka zerikusia aldarrikapen batekin… Hortaz, oso izen aproposa iruditu zaigu". Bihar, zapatua, egingo dute plaza horren inauguratze ekitaldia eta debagoiendar guztiak gonbidatu ditu bertara: "Emakume eta gizon, guztiak gonbidatzen ditugu martxoaren 7an, 12:00etan egingo den inauguratzera. Ezustekoak ere izango dira, gainera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak