Herririk herri, udal osoko bilkuretan mozioa aurkeztu du Ordaindu elkarteak. Besteak beste, udalbatza bakoitza Mondragon Korporazioarekiko "bitartekaritza lan beharrezkoa" egitera gonbidatzen dute, eta "goi mailako instantzietara" akordioa eramatera.
Ordainduk gaineratzen du "debatitzera gertu" daudela elkartekideak, euren egoeraz eta kooperatibismoaren egoeraz, "oraingo agintaldian edo hurrengoan".
Aretxabaletako kasuaz, zehazki, honakoa dio Ordainduk: "Ana Bolinagaren jarrera azpimarratu nahi dugu, izan ere, benetan konprometitu da bere herrikideen arazoekin. Elkartasun handiena azaldu du, bitartekaritzaren alde ahal duen guztia egitera konprometitu da eta esan du askotan, arazoen irtenbidea borrokaren bidea dela".
Udalaren konpromisoa
Udalez udal eraman duten mozioan honako puntuak agertzen dira: Mondragon Korporazioari eskatzea berba egin dezala "kaltetu guztiekin"; lanpostua galdu dutenak berriro koka ditzala; behar diren neurriak har ditzala bazkideei eta bazkide ohiei aurrezkiak itzultzeko; kooperatibistendako "aurre-erretiro duinak", eta lanpostuak uzteko, erabakitakoa bete dadila. Bestalde, mozioa onartzen duen udala konprometitu egiten da "bere esku dagoen guztia" egitera "elkarrizketaren bidea gailendu dadin".