Aretxabaletako EH Bildutik jakitera eman dutenez, kudeaketan jardutea zer den badakien pertsona da Xabier Igartua, lan esparruan –Oñatiko Ulman dihardu–. Udal mailan edo alderdiko zereginetan esperientziarik gabea, baina orain arte "herri mugimenduan" jardun izan duela adierazi dute.
Aretxabaleta aldatzen (h)ari gara goiburuarekin egindako saioan agintaldiaren balorazioa ere egin dute, eta hauteskunde programarako ekarpenak jaso. Balorazioari dagokionez, Aretxabaletako EH Bilduko Itsaso Pagoagak adierazi du ekonomia alorra izan dela gaurko batzarrean nabarmendu denetako bat, azken lau urteetan Udalean ere pisu berezia izan ei dutelako neurri ekonomikoek. Udal zorra "erdira gutxitu" dela adierazi dute, eta "ingurumen, kultura, hirigintza, hezkuntza eta hizkuntza alorretan ere gauza asko" egin direla. Balorazioa egiterakoan, arlo bakoitzeko zinegotziek euren esparruaren gainean jardun dute gaurko saioan, egindakoak, egiteko geratu direnak eta hobetu beharrekoak azalduz. Eta balorazioari ekarpenak egiteko aukera izan da gaurko batzarrean.
Etorkizunerako ekarpenei dagokienez, berriz, "hirigintza eta komunikazio alorretakoak" nabarmendu direla adierazi dute EH Bildutik. Dena den, arlo guztietako ekarpenak egin dituzte gaurko saioan bildutako 25 pertsonek, eta horiek "lehentasunen arabera ordenatzea eta multzokatzea" izan da beste zereginetako bat.
Gaurko saioaren ostean, parte-hartze prozesua otsail bukaerara arte luzatuko da; gaurkoa moduko beste saio bat egiteko asmoa dute, hauteskunde programarako ekarpen gehiago jasotzeko eta jende gehiagoren parte-hartzea lortzeko. Horrez gain, zerrendak osatzeko proposamenak egiten eta jasotzen ere ari dira, eta azken saio horretan emango diote onarpena zerrendari.
Batzarroz gain, beste bide batzuk ere jarri ditu Aretxabaletako EH Bilduk herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Webgunean egin dezakete, edo ehbilduaretxabaleta@gmail.com helbidearen bidez eta Twuitterretik @ehbilduatxabalt-era mezua bidalita.