Lore Martinez Axpek, Ingurumen zinegotziak, hiru arrazoi eman zizkien bosgarren edukiontziaren aldeko plataformakoei kontsultari ezetza esateko: "Batetik, egin nahi den galderagatik, erreminta galdetzen delako, helburua zehaztu barik; bestetik, prozesu bat egin zelako bere garaian bilketa sistemarik eraginkorrena aukeratzeko; eta azkenik, abian jarritako bilketa sistema, gaur egun eraginkorrena delako, lortutako emaitzek baieztatzen duten legez". Eta aretxabaletarrak zoriondu zituen "gaikako bilketan erreferente izateko moduko datuak lortu direlako".
Oposizioa arrazoi horien aurka
PSE-EEko zinegotzi Jorge de Castrok galdera bota zien Bildukoei: "2011n mankomunitateak gutuna bidali zuen esanaz atez ateko bilketa sistema jartzeko asmoa zuela, hortaz, zergatik esaten duzue parte-hartze prozesu baten ostean onartu zela?". Aralarko Inaxio Garrok ez zuen "eztabaida antzuetan" sartu gura izan, baina parte-hartzea bultzatzen dabilen Udalak halako eskaera bati ere bere lekutxoa egin beharko liokeela zioen.
EAJko Haritz Solupe, ostera, ez zen ados agertu moduarekin: "Uztailean aurkeztu eta abenduko azken osoko bilkurara ekarri dute; herritarren %15 ekimen horren atzean egonik errespetua merezi dute". Eta jarrerarekin ere ez: "Parte-hartze prozesuak, ideia zaparradak eta antzekoak esan bai, baina gero iritzi ezberdina duena aurrez aurre izandakoan negoziatzeko gai ez eta norberarena inposatu".
Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformako kideei ere eman zieten hitza eta horietako batek leporatu zion alkateari: "Bilketa sistema martxan jarritakoan herriari hitza emango zeniola esan zenuen. Hortaz, zergatik ez galdetu orain?". Bukaeran "etsita" agertu ziren baina lanean jarraitzeko asmoarekin.
Bozketa garaian ez zuten bozkatu herri kontsultari bai edo ez, Udal gobernuak plataformari emandako erantzunari bai edo ez, baizik. Bildukoak horren alde agertu ziren eta gainerakoak, Aralar, EAJ eta PSE-EE aurka.