EAJko kideek onartu dute aldi baterako enpresa elkarte horrek zehaztutako gestio plana ez dela bete, batez ere bazkide kopuruari dagokionez, baina horrek ez duela esan gura plangintza gaizki eginda zegoenik, diote: "Bazkide kopuruaren estimazioa Udalak agindutako azterketan oinarritu zen eta aurreikuspena ondo egina zegoen, 2012an kontratua sinatu zenean Udal gobernuak berak aitortu zuen bezala".
Hala, 2014a %81eko auto-finantzazio mailarekin bukatuko duelakoan dago enpresen elkartea eta 168.000 euroko defizitarekin. Hori horrela, EAJkoek esan dute: "Auto-finantzazio maila hori kirol instalakuntza gutxiren eskuetan dago".
Aldi baterako enpresa elkarteak, baina, pribatua izanik, ezin duela defizita beregain hartu jakinarazi dute EAJkoek, eta aipatu horren aurrean bi aukera zeudela: batetik enpresa elkartearen eta Udalaren arteko elkarlana; eta bestetik, sinatutako kontratu barruan defizita oreka zezaketen aukerak aztertzea. "Baina bide hauek jorratu beharrean, Udalaren prozedura kanpotik abokatuak kontratatu eta enpresen elkartearekin kontratua etetea adostea izan da", esan du Uribetxebarriak.
Laguntza eskaera
Enpresa elkarteak lau eskaera egin zizkion Udalari, eta horietatik hiru "betegarriak" ziren EAJkoen ustetan: 2012ko galerak Udalak bere gain hartzea; kirol politika munizipala Udalak ordaintzea; eta uraren kostua ez aplikatzea. Eta gainera, "negoziatzeko borondatea" agertu zuela enpresak diote. Baina Udalaren aldetik "ezezkoa" jaso zutela.
Gaia aztertu eta erabakiak hartzerakoan "geldotasuna" eta "gardentasun eza" izan direla nagusi diote. Eta kiroldegiaren kudeaketa beregain hartzea erabaki duela Bilduk, beste taldeen iritzia eskatu ere egin gabe eta erabakiak denboraz hartu gabe. Eta inolako azterketa ekonomiko "seriorik" ez duela aurkeztu gaineratu dute, zenbaki dantza handia egon delako: "Beharbada defizita oraingoa baino handiagoa izango dela, 200 mila euroko defizita izango duela batzuetan, hurrengoan 250 mila…".
"Udalaren ardura da zerbitzu horiek ahalik eta era eraginkorrenean, zerbitzuaren kalitatea kostu txikienean, ematea eta horretarako kasu bakoitzean eredu aproposena aukeratu beharra dauka erabakiak azterketa zehatzetan oinarrituz", diote EAJko kideek eta "aukera on bat" galdu dela erabaki politiko baten ordainetan: "Bilduk hasieratik ez du onartu zerbitzu publikoa kudeaketa pribatuarekin uztartzea, eta gehiengo absolutuan oinarrituz lortu du bere helburua".