'Pagia Ezkurtxotan' herri proiektua Aretxabaletako monetaren abiapuntua

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 14a, 23:18

Aretxabaletak ere bere moneta izango du laster: ezkurtxoa. Pagia Ezkurtxotan herri proiektua aurkeztu du Udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean, eta asmoa da urtarrilean ikastetxetako neska-mutikoak ezkurtxoak erabiltzen hastea. Oraingoz horiek bakarrik erabiliko dituzte, herriko bi goxotegitan. Ezkurtxo horiek, gainera, herrian bertan egin dituzte, Lanbide Eskolan hain zuzen, hiru dimentsiotako inpresorak erabilita.

"Pagia Ezkurtxotan herri proiektua jarduera didaktiko baten integratzeko asmoarekin sortu da, eskolei laguntzeko jaioa hain zuzen ere", jakinarazi du Ana Bolinaga alkateak. Hori horrela, lehenengotik herritarrei helarazi beharrean ezkurtxo horiek, Aretxabaletako moneta berria, neska-mutikoen artean banatuko dituzte. "Ikasleak izango dira oinarri gure proiektuan, eta begi bistakoa da horien parte-hartze aktiboa bultzatu nahi dugula", gaineratu du.

Tokiko monetaren gaineko proiektua lantzen hasi zirenean herriko ikastetxetara jo zuten, Kurtzebarri eskolara eta Arizmendi ikastolako Almenera, eta neska-mutikoekin lan egiteko aukeren berri eman. Baita begi onez hartu ere horiek; eta ilusio handia sortu, gainera. Hala, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleen artean banatuko dituzte ezkurtxoak urtarril inguruan, diruaren nondik norakoen ikasgaia landu eta gero.

Aretxarte merkatarien elkarteko ordezkariek ere baiezkoa eman diote proiektuari, eta Udalaren alboan izan dira proiektu horri forma ematen. "Bertako merkataritza bultzatzeko egokia ikusten dugu. Oraingoz ez dugu zabalduko komertzio guztietara baina aurrera begira ikusiko da", jakinarazi du Idoia Elexpuruk, Aretxarteko presidenteak. "Ezkurtxo" izena ere horren burutazioa izan da: "Aretxabaleta izena haritz zuhaitzetik dator, eta horien fruitua ezkurra da, ezta?".

Aretxabaletako Lanbide Eskolan eginda

Ezkurtxoak plastikozko txanponak dira, eta kolorearen arabera balio ezberdina dute: gorriak, euro bateko balioa dutenak; berdeak, bi euroko baliodunak; eta urdinak, 10  eurokoak. Eta txanpon horiek Lanbide Eskolan egin dituzte hiru dimentsiotako inpresorak erabilita. Bertako irakasle den Asier Moran donostiarrak muntatu ditu inpresora horiek ikasleekin batera: "Material ezberdinak erabil daitezke inpresora horietan, baina guk merkea eta biodegradagarria aukeratu dugu", jakinarazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak