Txistulari eguna ospatuko dute bihar, Aretxabaletan

Arantzazu Ezkibel 2014ko urr. 10a, 09:23

Txistu hotsak indartsu entzungo dira bihar, zapatua, Aretxabaletako kaleetan. Leintz bailarako txistulari eguna ospatuko dute, bosgarren aldiz. Dianarekin hasiko dute eguna. 10:30ean abiatuko dira, ohiko moduan eskola paretik; eta, 13:00etan, alardea egingo dute plazan.

Pieza alai eta herrikoiak

Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako txistulariak elkartuko dira biharko egunean. Alardea Aretxabaletako plazan egingo dute. Pieza alai eta herrikoiak joko dituzte: besteak beste, zortzikoa, fandangoa, habanerak, boleroa, polka... "Denetik sartu gura izan dugu, eta doinu alai eta ezagunak izango dira", azaldu du Loramendi txistulari taldeko Jokin Antxiak.

Demetrio Iriarteren piezak

Biharko alardean, Demetrio Iriarte txistulari ezagunaren hiru pieza joko dituzte: Alkar, Alai eta Zorionak. Iriarte Oñatin jaio zen arren (1915), Aretxabaletan bizi izan zen eta hainbat lan egin zituen han. Aretxabaletako musika banda osatu zuen eta musika eskolako zuzendaria ere izan zen.
Alardeak ordubete inguru iraungo du eta ondoren bazkaria egingo dute Uratzalde elkartean.  Goizeko bi emanaldiekin amaitutzat emango dute txistulari eguna.

Talde handietan jotzeko nahia

Orain dela bost urte ospatu zuten lehenengoz bailarako txistulari eguna. "Ikusi genuen bailarako txistulariak elkartu eta elkar ezagutzeko beharra zegoela. Abestiak eta esperientziak, konpartitzeko, besteak beste", dio Antxiak. Gainera, talde handietan jotzeko nahia zuten. "Txistua talde handietan oso ondo geratzen da eta jendeak gustura entzuten du", azaldu du Antxiak.

Txistuaren osasunaz galdetzean, Antxiak dio txistua beti egon izan dela kalean. "Agian, azken urteetan ez da modan egon baina lehendik gabiltzanak gero eta gusturago gabiltza", gaineratu du. "Txistuak badauka bere tokia, eta toki hori dantzarekin lotuta egon izan da", dio "baina beste ospakizun batzuetan ere erabiltzen da: agurra, alkate-soinua... horiek ez dira inoiz galdu". Gaur egun, aukera gero eta gehiago daudela dio: txistua abesbatzarekin edo beste instrumentu batzuekin batera jotzen hasi da jendea.
Aretxabaletako Loramendi txistu taldeak urte osoan zehar izaten ditu emanaldiak: Santa Ageda egunean, Aratusteetan, San Juanetan, Andramaixetan, San Migeletan eta baita Gabonetan ere. Gainera, dantza taldearekin ere ibiltzen dira.

Adin guztietako txistulariak

Aretxabaletan ospatuko den bigarren txistulari eguna izango da –2011n ere antolatu zuten. Iaz, esaterako, Eskoriatzan egin zuten festa; eta, 45 lagun elkartu ziren Eskoriatzan. Antxiak esan duenez, aurten 35 bat lagun elkartuko dira Aretxabaletan. Adinaz galdetuta, zera dio: "Gazteenak 16 bat urte izango ditu eta nagusienak 60 bat".
Txistua gogoko duenak, hortaz, aukera ezin hobea izango du bihar Aretxabaletako kaleetan txistua entzun eta txistu soinuak lagunduta fandango, arin-arin edo bestelako dantzak eginez gerria mugitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak