Inma Miguel Aretxabaletako Kultura teknikariaren esanetan, "50 postu inguru jarriko dituzte aurten artisauek eta hainbat produktu mota jarriko dituzte salgai. Aldabarrak, eztia, egurrez tailatutako piezak, harrian landutako produktuak, zapatak, bitxiak, lore lehorrak, belar usaintsuak, landarezko produktuak, haziak, artilea, kutxak, zilarrezko produktuak, zeramika artistikoa, zaku organikoak, buztinez eginiko produktuak, larrugintza, kakorratza (gantxilloa), material birziklatuak, oihalak…". Hala, produktuak nola egiten dituzten ikusi ahal izango da.
Produktu ekologikoak
Egongo da zer ikusi Duranan, produktu ekologikoz betetako hogei postu inguru izango dira-eta, iaz bezala. Barazkiak, frutak… denak kalitate bikainekoak eta osasungarriak. Batzuk kanpoko produktuak izango dira, beste batzuk bertakoak, horien artean daude Mendibitzu baserriko okela; eta Maria Jesus Revueltaren eta Kurtzebarri eskolakoen barazkiak eta frutak.
Postu bitxiak
Bestalde, beti egoten dira jendearen arreta pizten duten postuak, Kultura teknikari Inma Miguelen arabera: "Hainbat produktu ezberdin egongo dira; edozelan ere, ikusi ditudanetatik, kakorratzez egindako lanak dira bitxienak. Uste dut jendearen gustukoak izango direla horiek".
Gaztetxoak ere saltzen
Arizmendiko eta Kurtzebarriko ikasleek ere hartuko dute parte azokan. Kurtzebarri eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoek baratze ekologikoko produktuak salduko dituzte. Arizmendiko Lehen Hezkuntzakoek, aldiz, hostopilezko lazotxoak, krispetak eta Tolosako babarrun beltzak; horiek jasotako dirua Ziburuko ikastolarendako izango da.