Agiri batean jaso dute tratu txarren gaineko protokoloa

Mirari Altube Arrese 2014ko mai. 20a, 17:41

Tratu txarren eta sexu erasoen biktimen babes eta laguntzarako Aretxabaletan abian jarrita dagoen protokoloa hitzarmen bidez berretsi dute egunotan. Hala, erakunde ezberdinen konpromisoa jasotzen duen agiria sinatu dute alkateak, Aretxabaletako osasun etxeko arduradunak, Debagoieneko ospitaleko larrialdi zerbitzu-buruak eta Bergarako ertzaintzaren ordezkariak.

Aretxabaletako Udalak orain urte batzuk egindako gizon eta emakumeen berdintasunerako planaren barruan tratu txarren eta sexu erasoen biktimei laguntzeko protokoloa dauka jasota 2010az geroztik.

Eta ordutik hona bi lan lerro sustatu ditu emakumeen aurkako biolentziaren borroka horretan: batetik, instituzioetako teknikarien arteko lan koordinatua eta horien prestakuntza; eta bestetik, emakumeen kontrako biolentzia egoera baten aurrean jarraituko duen protokoloa.

Udalaren erantzuna eraso baten aurrean

Emakumeen kontrako indarkeria egoera baten aurrean Udalak eman beharreko erantzuna jasota geratu da gogoeta prozesu bat egin eta gero. Hona jasotakoa:

Herrian hilketa bat gertatzen bada Udalak ezohiko batzarra egingo du, eta alderdi guztiek mozio bat adostu eta aurkeztuko dute. Herriko Plazan elkarretaratzea deituko dute, gainera. Euskal Herrian izandako emakume baten hilketaren aurrean, hura hil eta hurrengo egunean elkarretaratzea deituko da plazan. Emakumeen aurka ematen diren biolentzia egoera guztiak salatzeko herriko sarreretan Aretxabaletak ez du indarkeria matxistarik onartzen leloa duten panel finkoak jarri dituzte orain dela hilabete batzuk.

Protokoloaren nondik norakoak

Emakunderen laguntzarekin 2010ean jarri zen abian biktimei laguntzeko protokolo hori eta zera egin: biolentziaren gaiaren gainean sakondu; erakunde ezberdinen funtzionamendua ezagutu; erakunde bakoitzaren baliabideak ezagutu; indarkeria egoera baten aurrean erakundeen arteko elkarlanean eta koordinazioan sakondu; eragile guztiei jakinarazi erakunde bakoitzak zein pauso emango dituen; eta etorkizunerako lan koordinatuaren beharra jaso.

2011n bukatu zuten protokoloa egiteko prozesu hori, oinarrizko hainbat erabaki hartu eta gero. Ordutik hona hainbat ekimen eroan dira aurrera erakunde ezberdinen arteko elkarlanari esker. Baina horren berri jaso duen agiririk ez da egon orain arte; elkarlan hori ofizial egin eta zein garrantzitsua den plazaratzeko erakunde bakoitzeko ordezkariak elkartu dira astean udaletxean. Eta helburu nagusiak agiri batean jaso dituzte.

Protokoloaren helburuak

"Protokoloaren helburu nagusia da genero biolentziaren edo sexu erasoen biktima izan diren emakumeei eman beharreko laguntza hobetzea", jakinarazi du Bolinagak. Eta gaineratu: "Aurrera eraman beharreko jarduerak, erakunde ezberdinen artean koordinatuko dira, biolentzia sexistaren biktima diren pertsonei eman beharreko laguntza hobetzeko erabakitako prozedurak aurrera eramanda". Gainera, koordinazio mahaia dago eratuta protokoloari jarraipena egiteko. Eta mahai horretan erakunde bakoitzeko ordezkari bat izango da, horretarako behar dituen baliabide guztiekin. Bestalde prestakuntzarekin jarraitzeko asmoa ere jaso dute agirian. Eta laguntza behar izan duten pertsonei jarraipena egingo diote mahai horretan.

Gainera, erakunde bakoitzak, dagokion eremuan, emakumeen aurkako biolentziaren kontrako borrokan lan bateratua bultzatzeko konpromisoa hartu du.

Laguntzarako prozedura

Era berean, jasota utzi dute, tratu txarrak edo sexu erasoak jaso dituen pertsona bat laguntza eske joandakoan erakunderen batera (Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Debagoieneko ospitalea, osasun etxea, ertzain etxea eta udaltzaingoa) horri laguntzeko jarraituko diren pausuak zeintzuk izango diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak