"Astean gabiltza jasotzen izen-emate orriak, eta badakigu Bergaratik eta Debatik etorriko direla. Azken egunetan jasoko ditugu gehienak eta egunean bertan ere eman ahal izango dute izena", jakinarazi du Zaraiako presidente Martin Garaik. Badaki, gainera, eguraldiak zeresan handia izango duela.
Zaraiako kideak hain zuzen, buru-belarri jardun dute lanean azken asteotan, eta dagoeneko gertu daukate guztia domekarako. 40 lagunek jardungo dute lanean lau taldetan banatuta: zirkulazio kontuetarako bat, ibilbiderako bestea, kontrol guneetarako hirugarrena eta koordinazio lanetan ibiliko da laugarrena.
Ibilbide samurrak
Mendizaletasuna bultzatzea eta ondo pasatzea beste helbururik ez du ibilaldi neurtuak. "Kontrol guneak egongo dira baina bertatik pasatu direla ziurtatzeko bakarrik, ez denborak neurtzeko", dio. Hala, neska-mutikoek ez dute "lasterketarik" egin beharrik izango bukatzeko.
Iralabarri plazan elkartuko dira guztiak eta 09:00etan irten. Bi ibilbide izango dituzte aukeran, bata motza, 11 kilometrokoa, eta bestea luzea, 13 kilometrokoa, "baina oso samur egitekoak biak". Iralabarri plazatik Apotzaga auzora (Eskoriatza) joango dira, eta Latagainetik bueltan Untzillara (Aramaio); bertan egingo dute hamaiketakoa (norberak eroan behar du). Han banatuko dira bi ibilbideak, eta berriz Izurietan elkartu; handik herrira jaitsi eta Iralabarri plazan bukatzeko.
Hirugarren aldia
Zaraiak antolatzen duen hirugarren ibilaldi neurtua da, azkena orain dela 10 urte. Garaik ondo gogoan du lehenengoa, ia 1.500 neska-mutiko etorri zirelako, eta horiekin batera begirale mordoa. Azken urteotan behera egin du kopuru horrek, eta aurten 500 bat espero dituzte: "Datozenak datozela gure paraje dotoreak ezagutu eta ondo pasa dezatela", dio Garaik.