Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformakoek galdetu dute: "Zein dabil gezurretan hemen?"

Mirari Altube Arrese 2014ko ots. 13a, 15:54

Atez atekoaren aurka dagoen herritarraren kartela.
Udal Gobernuak Aretxabaletan atez ateko hondakin bilketa sistema jarriko zuela aurkeztu zuen egunean, urtarrilaren 29an, bosgarren edukiontziaren aldeko plataformakoen gainean esandakoak argitu gura izan dituzte plataforma horretako kideek idatzi baten bitartez.

Hona idatzia:

"Joan den urtarrilak 29an Aretxabaletako Udal gobernu taldeak gorenetik iragarri zuen herritarrei
atez ateko deritzon derrigorrezko hondakinen bilketa sistema inposatzeko erabakia.
Iragarpen horretaz gain, besteak beste gure plataforma kritikatzen jardun zuten prentsaurrekoan,
"gezurrak eta gezur erdiak" esan ditugula salatuz eta, udaletxean Atez Atekoaren kontra
jasotako sinadurak aurkeztu ez genituela, desinformatzen gabiltzala, jendea sutzeko nahia
daukagula, proposamenik aurkeztu ez dugula eta beste hainbat kontu gehiago esanez. Gobernu
talde honentzako gurekiko izan duten jarrera “kohesio egoera mantentzen jarraitzea eta beste
herri batzuetan gertatu den bezala gaizki ulertu eta krispaziorik ez egoteko” bada, presta
gaitezen benetan amorratu nahi gaituztenerako.


Plataforma honek 2012ko uztailak 27an atez atekoaren kontra eta 5. edukiontziaren aldeko
Atxabaltarren 1704 sinadura aurkeztu zituen agirien erakustaldi notario-aktarekin batera
Udaletxean, 1452 zenbakidun udal sarrera zigiluarekin. Notario akta eta sinadurei zegozkien
Udal ikuskaritzaren ondorenean, azken hauek ez ziren Udaletxearen esku gelditu datu
pertsonalen babeserako legedia ez haustearren, herriko agintariek ondo jakin beharko luketen
bezala.

Udal gobernu taldeak dio ez dugula aurkeztu proposamenik. 2013ko ekainak 14an, 1087
zenbakidun udal sarrera zigilua daraman Aretxabaletarentzako hondakinen gaikako bilketa
proposamena aurkeztu zuen plataformak.

Udal Gobernutik baieztatzen dute ere: “Hondakinak aukeratzea ezin daiteke borondatezkoa
izan. Gizarte betebehar bat da. Kutsatzea ez da eskubide bat. Ingurumena errespetatu behar
da.” Jarrera hori eurek soilik defendatu eta gure proposamenarekin kontrajarria balego bezala
diote gainera. Ezta gutxiago ere. Gure proposamena irakurri ere ez dutela egin demostratzen
dute baieztapen hauek.

"Gezur eta gezur erdiei" buruz jarduteko frogak eduki eta aurkeztu egin behar dira, eta
plataforma honek aurkeztu ditzakeenen aurrean;

Zein dabil gezurretan hemen?"

Udal Gobernuak zabalik du udaletxeko atea

Udal Gobernuak, berriz, jakinarazi du sinadurak gura duten lekuan aurkez ditzaketela, "baina zergatik ez udaletxean? Zer egingo du, ba, Udalak horiekin? Ala beste zerbait dago atzean? Igual guztiak ez dira aretxabaletarrenak, igual… Susmopean eurak jarri dira".

Bestetik, txalotu egin dituzte bosgarren edukiontzia erabiltzen duten boluntarioak, baina "hipokritak" ez izateko diote: "Boluntarioen lanarekin ezin da herri bat aurrera atera, batez ere kontu honetan, %80ko emaitzak lortu gura baditugu, esaterako". Eta adibide bat jarri dute: "Zirkulazio arauekin gauza bera gertatzen da, araurik ez balego errespetatuko lirateke zebra-bideak, aparkalekuak…".

"Seme-alabek koloreak aterako dizkigute atzera begiratu eta atez ateko hiri hondakinen inguruan sortu den zalapartaren berri izandakoan; izan ere, birziklatzea bermatu behar den eskubidea izango da", gaineratu dute.

Eta plataformakoei jakinarazi diete udaletxeko ateak zabalik dituztela: "Errespetuan elkar ulertzean eta akordioetan sinistuta lan egin gura dugu, diskrezioarekin". Eta prentsara jo beharrean "herriko giroa kaka-nahasteko", udaletxera hurbiltzera gonbidatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak