Hondakinen bilketa sistemaren gainean eztabaidatu dute udalbatzako kideek

Mirari Altube Arrese 2014ko ots. 5a, 17:47

Udalbatzako kideak osoko bilkuren aretoan.
Gaikako hondakin bilketa sistemaren gaineko mozioa eztabaidatu zuen udalbatzak astelehenean egindako ezohiko osoko bilkuran. Joan den astean iragarri zuen Udal Gobernuak atez ateko hondakin bilketa sistema jarriko duela abian ekainean, eta EAJko zinegotziak ez datoz bat erabaki horrekin. Hala, mozio bidez hau jakinarazi gura izan zuten: "Egungo bilketa sistema guztiz aldatu aurretik badago zeregina".

Oraingo sistema aldatzen hasi aurretik lortu gura diren bilketa tasetara iristeko ez dela "behar besteko ahalegina" egin uste dute EAJkoek. "Sentsibilizazio, informazio eta formazio kanpaina eraginkorrak garatu eta bultzatu behar dira. Herritarrak motibatu, erantzule sentitu eta euren borondatez hondakinen kudeaketaren erantzukizunean parte hartzeko", zioen Haritz Solupe zinegotziak.

Lore Martinez Axpe –Ingurumen zinegotzia– ez zen bat etorri horrekin: "2012ko maiatzaz geroztik gabiltza informatzen eta sentsibilizazio kanpainak egiten". Eta hau gaineratu zuen: "Borondate onarekin ez goaz inora, derrigortuta bakarrik lortuko ditugu emaitzak". Gai organikoa jasotzeko bosgarren edukiontzia 2008az gero dagoela gurean aipatu zuen, baina "sei urtean ez dela lortu atez atekoarekin lor daitekeen tasarik".

EAJko zinegotzien iritziz, ez da behar beste bultzatu bosgarren edukiontzi horren erabilera: "Esperientzia pilotu bezala jaio zen eta hala jarraitzen du". Eta horren adibide jarri zuten bosgarren edukiontziak 23 direla herrian eta berdeak, ostera, 86.

"Urkulun zabor zuloa?"

Aralarko zinegotziek, ostera, Arrasateko konponbidearen alde egin zuten, 9 hilabeteko probaldia %70eko tasak lortzeko bosgarren edukiontziarekin eta errefusa jasotzen duenarekin. Bildukoek erantzun zioten "negoziatzeko gertu" azaldu zirela eta edukiontziei txipa jartzea ere onartu eskatutako moduan, baina Aralarrek ezetza eman ziola azkenean proposatu zitzaien guztiari. EAJkoak, ostera, "maximoekin" joan zirela negoziatzera gaineratu zuen Bilduko Iñigo Louvellik: "Eskatzen zenuten egungo sistema mantentzea eta hortik ez zenuten aldendu gura".

Herritarrak ere elkartu ziren osoko bilkurako aretoan; hondakinen kontuari "adarretatik heltzeko" eskatu zioten EAJri eta Aralarri "Bilduk egin duen moduan", eta alternatiba errealak planteatzeko eskatu. Eta galdetu zieten: "Urkulun zabor zulo bat gura duzue?".

Bada, eztabaida luzearen ostean ez zuten onartu mozioa, Bilduko sei zinegotziek aurka bozkatu zutelako, Aralarko hirurak abstenitu eta EAJko biek bakarrik babestu.

Beste bi mozio

Horrez gain, beste bi mozio aurkeztu zituen Bilduk osoko bilkuran: Emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan bata eta atxiloketen gainekoa bestea. Biak aho batez onartu zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak