Kurtzebarri eskolako leku arazoa konpontzear dago

Mirari Altube Arrese 2014ko urt. 24a, 11:20

Kurtzebarri eskola, patio aldeko sarrera.
Kurtzebarri eskolako eraikina handitzeko lanak laster hasiko dituzte, ondo bidean, apiril inguruan. Hiru pisuko eraikina egingo dute patio aldera, eta sei gela berri jarriko dituzte bertan. Hala, eskolako kideek aspalditik duten leku arazoa konponduko dute.

Aspalditik dator Kurtzebarri eskolak duen leku arazoa; izan ere, badira bost urte Iralabarri plazan Udalak dituen lokaletara joaten direla lau ikastalde egunero-egunero. Baina arazoa bukatzear dago, eraikina handitzeko lanok aurten hasiko dituztelako, ondo bidean apiril inguruan.

Patio aldera handituko dute eskola, beste eraikin bat eginda. Proiektua aspaldi dago eginda, eta lanok ere esleitu dituzte: Oñatiko Moyua enpresak egingo ditu. Sei bat hilabete beharko dute horretarako. Aurretik, baina, beste lantxo bat egin beharra daukate; eraikina handituko den lurzorutik pasatzen den gas hodia desbideratu. Aste Santutarako bukatuta izango dutela hori esan diete eskolakoei; "ikusi egin behar", diote horiek. Orduan hasiko dituzte handitze obrak.

Sei gela berri

Hiru solairuko eraikina izango da, eskolari itsatsita, patio aldera egingo dutena. Orain dauden eskailerak kendu egingo dituzte eta zuzenean izango du sarrera bertatik; igogailua jarriko dute sarreran. Jolasteko patioari kenduko diote lekua eraikinarendako, baina bakarrik hiru metro eta erdi. Sei gela egingo dituzte; beheko solairuko biak handiagoak izango dira, eta horietako bat psikomotrizitaterako erabiliko dute. Beste bost gelak arruntak izango dira. Lehenengo solairuan komunak ere egingo dituzte.

Irailerako, datorren ikasturte hasierarako, zaila izango da bukatuta izatea gelok; hala ere ez die axola horrek: "Hainbeste denboran zain egon ondoren bukatuko dituzte eta", diote zuzendaritzako kideek. Izan ere, orain dela sei urte egin zuten handitzeko eskaera, baina leku arazoak aurretik ere bazituzten: "Hirugarren mailatik gorako taldeek ez dute izan gela propiorik, konpartitu egiten zituzten. Baina gero hori ere ez zen nahikoa", argitu du Lourdes Etxeberria eskolako zuzendariak. Hala, Iralabarri plazako Udalaren lokaletara joaten hasi behar izan zuten: hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko ikasleak joaten dira, bi talde goizetan eta beste bi arratsaldetan. Eta Arkupeko dantza gela psikomotrizitaterako erabiltzen dute. "Luxu handirik ez dugu izango gero ere, baina talde bakoitzak bere gela bai", dio.

Lanok iraun bitartean hainbat eragozpen sortuko direla ere badakite: trabak, zikinkeria, zarata… "Gainera, Udalarekin koordinatu beharko ditugu aparkalekuak, kamioien joan-etorriak, ikasleen sartu-irtenak… Eta bidegorriaren atzeko partea itxi egin beharko da", dio Etxeberriak, eta gaineratu: "Hala ere, gu gertu gaude guztia jasateko".

Babes eskaera

Eskolako patio gainetik errepidea pasatzen da, eta hori hobeto babesteko eskatzen ere badabiltza azken bederatzi urteotan: "Orain arte inork ez digu kasurik egin; datorren astean Aldundian eskaera egitekoak dira, ea zerbait lortzen den". Horrez gain, bidegorriaren ibilbidea aldatzeko asmoa ere agertu du Udalak. Orain eskolaren atzeko partetik eta patio erditik pasatzen da, eta asmoa litzateke eskolaren aurrealdetik desbideratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak