Hector Prieto: "Aretxabaleta herri pribilegiatua da elbarriondako baina beti daude hobetzeko kontuak"

Mirari Altube Arrese 2014ko urt. 18a, 10:00
Hector Prieto Rosado.
Elbarritasunaren eta mendekotasunaren gaineko kontuak jaso ditu txosten batean Hector Prieto Rosadok (Aretxabaleta, 1983) oraintsu, eta txostenean jasotakoen berri eman die astean Basotxo erretiratuen elkarteko kideei.

Basotxon egindako hitzaldiarekin zer agertu gura izan duzu?
Esperientzia pertsonaletik abiatuta elbarritasunaren ondorioz sortutako arazoak ezagutzera eman gura izan dizkiet herritarrei; arazook Aretxabaletan zelan bizi ditudan nik, hain zuzen.

Arazoak diozunean zeri buruz zabiltza: mugikortasun arazoak, babes falta…?
Gehien bat mugitzeko arazoak dira, traba arkitektonikoak, baina ahaztu barik beste arazo batzuk ere baditugula, gizarte zerbitzuetako laguntzekin zerikusia dutenak, esaterako. Bestetik, herritarrek askotan ez dute jakiten zelan zuzendu guregana, umeei bezala egin izan digute berba; babes falta baino gehiago ezjakintasuna dagoela uste dut.

Gizarte laguntzako legea asko aipatu da azken urteotan, horren gainean ere egin duzu berba?
Bai, zer den mendekotasuna ezagutzera emateko. Askotan ez da ezagutzen elbarritasunaren eta mendekotasunaren arteko ezberdintasuna, eta horren berri ere eman gura izan dut.

Erretiratuen aurrean egon zara eta askok gero eta mendekotasun handiagoak izango dituzte; mezu berezirik eman gura izan diezu?
Poliki-poliki hobekuntza asko lortu ditugula, eta horiek ez galtzeko lanean jarraitu behar dugula. Azken urteotako egoera ekonomikoa tarteko laguntza asko murrizten dabiltza, eta hori ekidin beharra daukagu.

Aretxabaleta herri erosoa da mendekotasunak dituen lagun batendako?
Niretako bai, oso erosoa da; hobekuntza gehiago lortzeko lanean jarraitu behar dugu, baina ni oso gustura nago. Gurpildun aulkiarekin ibiltzeko arazo handirik ez daukagu eta azken urteotan hobekuntza asko egin dira, hortaz, herri pribilegiatua dugula esango nuke.

Hala ere beti egongo dira hobetzeko kontuak, ezta?
Bai, noski, asko dago hobetzeko. Loramendi kale inguruko zebrabideak, esaterako, zahartuta geratu dira, eta begiratu beharrean daude. Baina benetan garrantzitsua iruditzen zaidan gabezia da udaletxean igogailurik ez egotea; larria da gero hori, herriko eraikin publiko garrantzitsuena delako.

Samurra da jendeari konturatu eragitea elbarritasunak dituztenendako mila oztopo daudela herri batean?
Norberak ez badu zailtasunik ez da samurra horretaz konturatzea baina ez gura ez duelako; bakoitzak bere bizimodua du eta ez da halakoetan geratzen. Elbarriarendako, ostera, oztopo txiki bat arazo handia izan daiteke.

Krisi garaian dirua izaten da aitzakia laguntzak murriztu eta hobekuntzarik ez egiteko; baina diru kontua da edo borondate kontua gehiago?
Niretako borondate kontua; Gipuzkoan esaterako, mendekotasunarendako diru-laguntzak mantendu egin dituzte, baina Bizkaian jaitsi, eta asko, diru hori azpiegitura handietara bideratzeko. Pertsonok lehentasuna izan beharko genuke beti, eta ez bakarrik elbarriok, guztiok baizik.

Kontu horiekin guztiekin txosten bat osatu duzu, ezta?
Bai, mendekotasuna orokorrean landu dut bertan, eta elbarriok historikoki izan ditugun arazoak jaso ditut beste kontu batzuen artean. Basotxoko erretiratuek aurretik beste txosten bat egin zuten, eta nirea horren osagarria izango litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak