Fiare gizartearen egoera hobetzeko gizarte ekintzan lan egiten duen banku etikoa da. Eta hauxe da berezitasun nagusia Oier Etxebarria Fiareko bazkidearen hitzetan: "Berezitasuna da dirua jartzen dutenek badakitela nora doan diru hori, dirua modu gardenean kudeatzen da".
Gipuzkoan gutxi gorabehera 12 bailaratan ari dira lanean banku etikoaren garapenean eta tartean dago Debagoiena ere; Arrasaten eta Oñatin dagoeneko ezaguna da Fiare eta orain Aretxabaletan ezagutarazi nahi dute zehazki. Basotxok bultzatuta, herriko Udala Fiareren laguntzaile da eta Basotxo eta Hiruatx esaterako ere bazkide dira dagoeneko. Hauxe adierazi zuen Pedro Etxebarria Fiareko bazkideak: “Aretxabaletan Udalaren laguntza lortu dugu, ez da bazkidea ez duelako inbertitzeko gaitasunik orain, baina bada laguntzailea; parrokia bazkide da eta Hirugatx ere bai, besteak beste; eta Basotxotik modu zuzenean laguntzen dugu eta datorren egueneko, hilak 16ko, aurkezpena bultzatu dugu.”
Aurkezpen horrekin nahi dutena da Fiare proiektua gehiago ezagutaraztea, eta modu horretara, pixkanaka-pixkanaka bazkide, aurreztaile eta laguntzaile gehiago lortzea.
Debagoienean 34 bazkide
Gipuzkoan, gainera, bazkideen igoera nabarmena izan dute 2013. urtean, eta gaur egun 431 bazkide dituzte Gipuzkoan. Horietatik 34 dira Debagoienekoak eta euren asmoa da geroz eta bazkide, aurreztaile eta laguntzaile gehiago lortzea. Hauxe esan digu Josema Corcuera Debagoieneko Fiareko arduraduna: "Debagoienean Arrasate, Aretxabaleta eta Oñati dira puntu garrantzitsuenak baina posible da lan-talde berriak sortzea, hau da, bulego berriak zabaltzea pertsona berriak lortzeko bide horretan lan egingo dutenak".
Aurkezpena hilaren 16an
Esan moduan, Fiare modu zabal batean aurkeztuko dute datorren eguenean, hilak 16, Aretxabaletako Arkupeko 2. solairuan arratsaldeko 18:00etan eta herritar eta debagoiendar guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenera.