Aretxabaletako udalbatzak izenik ez duen kudeaketa sistema onartu zuen atzoko ezohiko osoko bilkuran. Ana Bolinaga alkatearen esanetan, "helburua da garrantzitsuena eta ez izena". Eta helburuak hiru dira bilketari dagokionean: derrigorrezkoa, gaikakoa eta pertsonalizatua. Hain zuen Udalak, maiatzean, herritarrekin batera egin duen parte-hartze prozesuan ere derrigorrezko bilketa behar dela ondorioztatu dute %80ko birziklatze tasara iristeko.
Zero zabor politikarantz hurbildu guran, materiala murriztu, berrerabili eta birziklatzen duen kudeaketaren aldeko apustua egingo duela Udalak onartu zuten mozio horretan. Gainera, "ahalik eta hondakin gutxien" sortzeko azterketa egingo dute; eta mankomunitatearekin batera konpostatze kanpaina zabaldu eta autokonpostatze komunitarioa bultzatu.
Bestetik, birziklatze emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen kudeaketa sistemaren alde egiteko konpromisoa hartu zuten; eta horretarako derrigorrezko eta gaikako bilketa pertsonalizatuaren alde egin. Gainera, herritarrekin batera adostuko du zein den sistema egokiena.
Aralarkoak kontzeptuarekin bat baina prozedurarekin ez
Aralarreko zinegotziak mozioaren kontzeptuarekin bat etorri ziren eta "derrigortasunaren beharra" azpimarratu zuten berrerabilpena, birziklatzea eta murrizketa bultzatzeko, baina Bildukoek esandako moduan kudeaketa sistemari izenik jarri barik eta helburuetan oinarrituta. Hala, 2014rako asmoen artean %70era iristea birziklatze tasan aipatu zuten. Eta gaineratu "bide hori herritarrekin batera egin beharko litzatekeela".
Hala ere, prozedurarekin ez ziren bat etorri Aralarkoak, euren eskaerei ez zietelako kasurik egin eta alderdi guztien artean ezer adostu aurretik aurkeztu zutelako mozioa. Hori horrela, Aralarko kideek alde egin zuten osoko bilkuren aretotik euren azalpenak eman ondoren.
EAJ atez atekoaren aurka
EAJko zinegotzi Mari Carmen Astigarraga ez zen ados agertu mozioarekin. Prebentzioa bultzatu beharra azpimarratu zuen, baina gaineratu "faltsua dela atez atekoarekin %100 birzikla daitekeenik". Gainera, atez atekoa sistema deserosoa eta itsusiagoa dela aipatu zuen eta herritarrek ez dutela gura halakorik. Gai zerrendatik puntu hori kentzeko eskatu zuen eta onartu ez ziotenez eskaera, honek ere alde egin zuen aretotik.
Hala, Bilduko zazpi kideen aldeko botoekin onartu zuten mozioa.