Udala kudeatzeko herritarrak aktibatzeko dei egin du Gobernu Taldeak

Amaia Txintxurreta Guridi

Udal Gobernu Taldekoak, urriaren 13an egin zuten ezohiko osoko bilkuran.

Berretsi egin dute ez direla 2027ko hauteskundeetara aurkeztuko, eta herritarrak "aktibatu ezean" EAJk gobernatutako Udala izateko "arriskuaren beldur" dira. Alkateaz eta zinegotziez gain, "ingurune soziala" beharrezkoa dela diote.

Urri amaieran jakinarazi zuen Aramaioko Udal Gobernu Taldeak, ohar bidez, ez dela 2027ko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Gaineratu zuten azken urteetan zerrendak osatzen aritutako taldetxoak ere ez duela zeregin hori egingo, eta, hain zuzen, kezkatuta daude, herrian "ezkerreko eta ikuspegi eraldatzailea" duen zerrendarik aurkezten ez bada.

Gobernu Taldearen izenean Asier Agirre alkatea eta Kultura zinegotzi Libe Ramila GOIENArekin izan dira, hartutako erabakiaren zergatiaz eta arrazoiez mintzatzeko.

"Nekatuta" daude

"Nekatuta gaude eta bultzada bat behar dugu; jendea behar da", azaldu du Agirrek. Agintaldi honetan hainbat batzar egin dituzte herritarrekin, baina udal kudeaketaren ardura politikoa hartzeko prest dagoen jendea falta dela diote. Agirrek azaldu duenez, herritar asko prest daude unean uneko ekintzetan laguntzeko, baina zailagoa da udal kudeaketaren ardura politikoa hartzeko prest dagoen jendea aurkitzea. "Jendeak ez du nahi ardura politikorik herriko kudeaketarekin lotuta, diana bihurtzen delako". Horren harira, kargu publikoetan dauden pertsonek jasaten dituzten errespetu faltak aipatu ditu.

Haien ustez, alkateaz eta zinegotziez gain, erabakiak kontrastatuko eta babestuko dituen talde bat behar da, ingurune soziala behar da. Herritarren parte-hartzea nabarmen jaitsi dela ohartarazi dute, eta aurrekontu parte-hartzaileak jarri dituzte adibide bezala.

Herriko jaiak, mugarri

Erabakia hartzeko prozesuan ez dute une bakar bat aipatu, baina udako bizipenak eta herriko jaietan gertatutakoa mugarri izan direla aitortu dute. Ramilaren ustez, jaiak, talde gisa, "honaino heldu gara, hau ez da jasangarria" esateko unea izan ziren. Hala ere, argitu du erabaki pertsonala lehenagotik zuela buruan.

Agirrek, berriz, agintaldi osoa izan du gogoan: "Oso agintaldi konplikatua izan da; proiektu asko egon dira, alkate aldaketa, zinegotzi aldaketak, abuztuaren 8ko harri zaparrada… denetik gertatu zaigu". Eolikoen proiektua bertan behera uzteko egindako lana, hirigintza planak, obrak, baimenak eta udal langileen kudeaketa aipatu ditu, besteak beste. Urte eta erdian zazpi idazkari izan dituztela ere gogorarazi du, eta administrazioko lana asko zaildu diela.

Hiru aukera

2027rako EH Bilduren hautagaitza bat edo herri plataforma bat osatzeko aukera aipatu dute, baina norbaitek lehen pausoa eman behar duela diote. Bestela, EAJ bakarrik aurkezteko arriskua ikusten dute. "Guk ez badugu zerrenda bat aurkezten, jende horrek kudeatuko luke Aramaioko Udala, eta hori oso larria da", adierazi du Agirrek –UEMAtik edota Udalbiltzatik irteteko arriskua jarri du adibide bezala–. Ramila ere kezkatuta dago, herriko eguneroko jarduna kanpoko ordezkariek nola kudeatuko luketen zalantzan jarrita.

Herrigintzarako deia

Herritarrei hausnarketa egiteko eskatu diete, non bizi nahi duten eta horren alde zer egiteko prest dauden pentsatzeko. Elkarte eta ekimen ugari dauden arren, "eguneroko lan ikusezina" egiteko eta Udalaren jarduna babesteko "talde egituratu bat" falta dela uste dute.

Erronka ugari

Lehen sektorearen gainbehera, etxebizitza falta, eskolaren etorkizuna eta azpiegituren zaharkitzea aipatu ditu Agirrek Aramaiok dituen erronken artean. Horiek herritarren inplikazioarekin bakarrik konpondu daitezkeela dio: "Herrigintzarik ez badago, ezin da lortu".

Egindako lanarekin "harro"

Agintaldia amaitu arte lanean jarraituko dutela esan dute, eta errelebo talde berri bati laguntzeko prest daude. Hala ere, ez dute berriz aurkezteko asmorik: "Erreleborik ez badago, ez dugu jarraituko. Hemendik aurrerako ardurak kolektiboak dira, ez pertsonalak", azaldu du Ramilak. Lan asko "ondo" eginda eta autokritikarako tartearekin, "harro" daude, eta hau gaineratu dute: "Herria herriarekin egin behar da, ez Udalean daudenekin bakarrik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak